GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Txumai Iturria, Txiki Falero ESAIT-eko Mendi Martxako antolakuntzaren izenean

Gurea defenda dezagun: Gora Euskal Herriko Selekzioa

ESAITek antolatzen duen Mendi Martxa abuztuaren 3an abiatuko da. Hamahirugarrena izango den edizio honetan Bizkaiko Enkarterriak eta Lapurdiko lurrak zeharkatuko ditugu bereziki.

Ekimen honen helburua garbia da, hots, herri bezala dagozkigun eskubideak aldarrikatzea. Kirol arlo guztietan gure selekzioa nahi dugu. Lagun arteko partidak ondo badaude ere beste urrats bat egin beharrean gaude, ofizialtasuna da gure xedea.

Alderdi abertzaleek beren atxikimendua adierazi digute. Mendi Martxa honetan igaroko ditugun herrietan ongietorriak, afariak, lotarako lekuak, dutxak, kalejirak, triki-poteoak, bertsolariak... makina bat ekimen martxan da. Guzti hau antolatu ahal izateko sentsibilitate ezberdineko jendea elkartu da, erraztasunak baino ez dugu aurkitu.

Baina nahikoa ez delakoan gaude. Euskal Herriko egoera errotik aldatu da eta selekzioen gaiak ausardiaz jokatzea eskatzen duelakoan gaude. Urteak dira kirolariak eta gizartea bera ofizialtasunaren alde agertu direla dei egin zaien bakoitzean. Baina, tamalez, tristura nagusitzen zaigu Euskal Herriko parlamentu autonomiko, Espainia zein Frantziako parlamentu eta nazioarteko federazioei begira estrategia eta plangintza komunik gauzatzeko gai ez garela ikustean.

Bien bitartean, apaltasunetik, ekimen xumeak gauzatuz, bidea egiten jarraituko dugu. Lanestosan abuztuaren 3an abiatu eta Irunen emango diogu amaiera zortzi eguneko zeharkaldiaren ondoren, bidean topatuko ditugun auzo, herri eta hirietan Euskal Selekzioen ofizialtasunaren aldeko mezua lau haizeetara zabalduko dugu. Ziur gaude gaur ereiten dugun haziak fruituak emango dituela etorkizunean.

Oporretan ere, ESAITeko Mendi Martxak aukera paregabea eskaintzen digu gozamena eta aldarrikapena uztartzeko. ESAITen web orrian aurkituko duzu Mendi Martxa honetan parte hartzeko informazio zehatza.

Abuztuaren 3tik 10a bitartean, ESAITeko Mendi Martxan aurkituko gaituzue.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo