GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Incoesako langileen borroka justu eta eredugarria

Bediako Incoesa enpresarekin gertatu dena beste hainbat enpresatan gertatu da. Merkatua badu, makinaria lehiakorra ere bai, langile kualifikatuak eta lanaren kultura errotua. Izateagatik, laguntza publikoak ere izan zituen. Haren buruak, baina, Higinio Artetak, laudorio eta sari andana jasotakoa izanagatik ere, azkenean diruzalekeriari men egin eta enpresa deskapitalizatu ondoren, Soriara eta Extremadurara deslokalizatu nahi du. Bedian eskuratu etekinekin inbertsio milionarioak egin ditu Espainialdean eta Euskal Herriko enpresan ez du deus inbertitu. Metalgintzako enpresen Bizkaiko buru izan zena, lukurreriaren gaitzak jota, batzuek hainbeste goratzen duten «enpresa» modu eta interesen erretratu ona da. Poltsa bete eta ase ezinda «aio pelaio» ihes egiten duen batena. Soldatak jaitsi eta langileak Extremadurara mugitu edo deus, aurreratutako itxiera baten kronika baino ez.

Jokabide zeken horren aurrean, borroka polita antolatu dute langileek, Arratiako eskualdean babes handia bilduta. Manifestazioak, Gasteizera martxak, enpresaren desjabetzea ekiditeko «herri harresiak»... hilabeteak daramate bidezkoa eta guztiona den eskakizun baten alde. Gau eta egunez, egunak joan eta egunak etorri. Herri hau amildegira daraman patronal amorratuari aurre eginez, bertan bizi eta lan egiteak merezi duen borroka delako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo