UDATE | Algortako jaiak
Murrizketek ez dituzte algortarrak zapuztuko
GARA | BILBO
Pasa den ostegunean hasi ziren algortarrak jaietako giroa berotzen, beren paella famatuekin. Aixerrotan 30.000 pertsona inguru bildu ziren, eta atzo beharrezkoa zuten atsedenaren ostean, beste bost festa egunetarako prest dira herritarrak.
Aurten, Jai Batzordeak lan berezia izan du egitaraua osatzeko, aurrekontuetan pairatu dituzten murrizketak direla-eta. Horren harira, egun bat eskaini nahi izan diete murrizketei, eta astelehenean Murrizketen Eguna ospatuko dute algortarrek. Aurrekontuetan izandako galera hori dela-eta, astelehenerako Jai Batzordearentzat gasturik ekarriko ez dituzten ekimenak soilik prestatuko dituzte, hala nola: inguruko dendariek herri kirolak antolatuko dituzte txikientzat arratsaldean, eta kontzertuak iluntzerako; eta tabernek, aldiz, kantu poteoa gidatuko dute. Aurrekontu jaitsiera honek, jaietan hainbat gabezia ekarriko ditu. Ohikoak ziren Ereagako su artifizialak, adibidez, bertan behera geratuko dira festetan.
Halere, egun hauetan ez da aspertzeko betarik izango. Jaien hasierarekin batera, estropadak izango dira, Getxoko XXXV. Ikurrina ospatuz. Lehenbizi, emakumezkoen Eusko Tren Ligarako proba izango da, eta horren ostean, gizonezkoen txanda iritsiko da. San Migel Ligarako baliozko proban hamabi traineruk hartuko dute parte. Ez da egun hauetan egingo den kirol jarduera bakarra izango. Herri kirolek, eta futbito txapelketak ere bere tartea izango baitute jaietan.
Musikak, tarte berezia
Hasiera-hasieratik jaiek musikari tarte berezia eskainiko diote. Gaur, Txiki Otaegi plazan, Askapen Sound Sistema, Patrol Destroyers eta Makabros taldeek kontzertua joko dute, 20.00etatik aurrera. Astelehenean, toki berean, Mapatxek jarriko du erritmoa. Egun berean, Tellegorri plazan, Trio Calavera ibiliko da jaia giroa alaitzen.
Musika ez da kontzertuetara mugatuko. Gaur, adibidez, jota eta arin-arin lehiaketa izango da Bihotz Alai plazan, eta bihar, Txiki Otaegi plazan, trikitilarien emanaldia izango da. Etxeko erritmoez gain, Kubatik etorritako dantzaz ere gozatu ahal izango dute bertaratuek igande gauean. Lainoa tabernak, Las dos Ds taldearen eskutik, festa kubatarra ospatuko du gaueko ordu txikiak ongi sartzeraino.
Jaiei agur esateko, bertsoek ere izango dute dagokien tokia. Andoni Egañak eta Jon Maiak bertso maratoia poteoarekin uztartuko dute festen azken egunean.