Hondakinen aferan, Bilduren gestioa aztertzeko batzorde bat eskatu du PSEk
GARA | DONOSTIA
Gipuzkoako Foru Aldundiak hondakinen aferan egin duen gestioa aztertzeko asmoz, batzorde berezi bat galdegin du PSEk. Denis Itxaso izan zen prentsaren aurrean agertu zena, eta Batzar Nagusiei dei egin zien irailetik aurrera batzorde bat abian jar dezaten.
Eginiko lana «goitik behera» aztertuko dutela esan zuen, Bilduk hondakinekin eta honekin zuzenean lotuta dauden diru kontuekin eginiko gestioaz «arduratuta» agertu baitzen. Hala, oposizioko alderdi guztiekin kontaktuak abiatuko dituela aurreratu zuen, guztien beharra ikusten baitu batzordea osatzeko. Gainera, sortu nahi duten batzordea oposizioko talderen batek zuzendua izan dadila eskatu zuen.
Hondakinen gaiaren inguruan sortu den gatazkaz kezkati agertu zen Itxaso eta Zubietako errauste plantaren obrak bertan behera uzteak ireki duen prozedura judizialak ere arduratzen duela esan zuen. «Esku artean eztanda egin dezakeen lehergailu bat bihurtu da GHK Gipuzkoako diru-kutxarentzako», gaineratu zuen PSEko kideak.
Era berean, eta afera hau dela medio, Aldundia GHKri «diru asko» ematen ari dela kritikatu zuen, eta horregatik, GHK-ko kideek, Bilduk Partzuergoan «kolokatu» dituen teknikariek, Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen diputatuak eta mankomunitateetako ordezkariek Batzar Nagusietan azalpenak eman ditzatela eskatu zuen.
EAEko Fiskal Nagusiak Zubietako errauste plantaren lanen etetea dela-eta ireki duen prozeduraren aurrean «beste aldera begira ez geratzeko» eskatu zien Itxasok oposizioko gainerako alderdiei.