GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Sohütan ospatuko da «Rene Cassin» pastorala

Igandean izanen da aurtengo pastoralaren lehen emankizuna Sohütan. Orain 12 urte antolatu zuten «Xiberoko Makia» Zuberoako herri horretan, eta aurten Jean Louis Davant idazlearen «Rene Cassin» antzeztuko dute. Milaka jende elkartzea espero dute antolatzaileek berrikuntzaz beterik heldu den emankizunarekin.

p050_f01.jpg

Jon GARMENDIA

Zuberoako ipar-ekialdean kokaturik, Mauletik bizpahiru kilometrora dago Sohüta, mila eta ehun biztanle inguru dituen herri ttipia. Han ospatuko da aurten pastorala, antzinatik datorren antzezpen hau kultur emanaldi bat baino gehiago ospakizun bat delako. Urtero herri bati egokitzen zaio bi asteburuko emanaldia prestatzea, eta herri osoak bultzatzen du prestakuntza urte osoan zehar. Lehen emankizuna igande honetan izanen da, uztailaren 28an, eta bigarrena abuztuaren 4an

«Rene Cassin» izena du aurtengo antzezpenak, 1887an Baionan sortu eta 1976an Parisen hil zen zuzenbide irakaslea ohoratzeko asmoz. Bi mundu gerlak lehen lerroan ezagutu zituen Rene Samuel Cassinek, lehenengoan zauritua izan zen, eta bigarrenean De Gaulle jeneralak Londresen osatu zuen Frantziako gobernu erbesteratuan hartu zuen parte.

Unibertsitate anitzetan jardun zuen irakasle modura, eta bera izan zen Frantziako Zientzia Administratiboaren Institutuko (IFSA) sortzaile 1947an, eta baita Nazioarteko Harremanen Ikasketen Institutu Librearena ere (ILERI) 1948an. 1968an Bakearen Nobel saria eman zioten, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala egiten lagundu izanagatik, eta urte berean Nazio Batuek Giza Eskubideen saria eman zioten.

«Rene Cassin» pastorala Zuberoako Ürrüstoi-Larrabilen sortutako Jean louis Davant idazle eta euskaltzainak idatzia izan da. Idazleak hitz gutirekin laburbiltzen du aurtengo pastoralaren gaia. «Historia kontatzea da pastoralaren helburua, baina ez soilik hori, poesiaren bidez egitea ere bada, eta baita beti bezala mezu bat pasatzeko manera ere». Berrikuntza anitzekin dator, bestalde, aurtengo emankizuna, Batitte Berrogain musikaria izanen da errejenta berria, eta horrek «freskotasuna ekarriko diola pastoralari», hala uste dute antolatzaile diren Sohütarrak elkartekoek. Janzkera eta atontze kontuez Juana Etcheberry arduratu da, estilista modura.

Egun osoko egitaraua

Goizean goizik hasiko da ospakizuna, eta egunaren luze-zabala betetzeko adina kontu prestatuak dituzte Sohütan, baita milaka lagun biltzeko asmoa ere. Goizeko 10.30ean meza izanen da arizaleekin, pastoraleko parte-hartzaileekin. 11.30ean karrika üngürua izanen da, eta 12.00etatik 15.00ak bitarte orori irekia den bazkaria eginen da. 15.30ean hasiko da pastorala, hura ikusteko txartelak salgai izanen dira 14 euroren truke. Pastorala amaitu eta gero afaria ere eskainiko da lekuan berean, 20.30etik goiti.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo