UDATE
Mr Darcy eta telebista (eta III)
Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria
Muturreko kasu bezala, «Shakespeare in Love» filmaren harira pizturiko polemika aipatu zidan lagunak. Shakespearek bere soneto ezagunak (eta gainerako antzezlan guztiak) norentzat idatzi zituen azaltzen du filmak -argitu gabe jarraitzen duen kontua, bide batez esanda-, eta alde horretatik, John Maddenek zuzenduriko lanak jasotzailearen nortasunaren gainean espekulatu baino ez du egiten. Lagunak esaten zuenez, filmaren arrakasta zela medio (zazpi Oscar sari jaso zituen guztira) jende andana batek uste zuen «Shakespeare in Love»-k planteatzen duen horretan egiarik egongo zela. (Ez dakit jende andana bat izan zen, baina gogoratzen naiz filma estreinatu zenean norbaitekin eztabaida bat izan nuela, hark esaten zuelako Viola de Lesseps existitu egin zela). Filmak, baina, ez zituen sariak jaso egiak esateagatik, baizik eta egiantzeko errealitate bat aurkezteagatik. (Gerora, Shakespeareren garaian adituak direnek idatzi dute filmak hanka-sartze handiak egiten dituela sasoi haren berregitean). Ildo berean, esan beharra dago filmari esker literatura irakasten duten hainbatek beren ikasle ez oso literatur zaleen iritzia aldatzeko tresna bat gehiago aurkitu zutela¯filmak, nolabait, Shakespeareren garaia erakargarriago egiteko balio izan zuen-.
Lagunaren amorrua ulertu eta, neurri batean, neure egiten dudan arren, ez dut uste teknologiak (dela zinema, dela telebista) literaturaren kalterako direnik. Gaur egungo belaunaldi gazteak irudiaren kulturaren parte dira, eta horren kontra ez dago ezer egiterik. Kontua, nire ustez, zera da: irudiaren kultura hori nola erabili literaturaren mesederako.