trontza
Emakumezkoen Euskal Herriko finala jokatuko da Elizondoko pilotalekuan
J.L.
Euskal Herriko emakumezkoen finala jokatuko da bihar, Elizondoko Iriarte pilotalekuan, 19.00etan hasita. Bertan, Ferran eta Varela, Larrañaga eta Bayer, Sorondo eta Garcia, Sanchez eta Urriza, Astondoa eta Mazkiaran, Ontsalo eta Astiazaran eta Iraizoz ahizpak neurtuko dira. Bakoitzak etzanda jarritako 45 ontzako enborrari 10 epai eman beharko dizkio. Sorondo eta Garcia aterako dira txapela lortzeko faboritoak.
Leku berean, mutilen Euskal Herriko Txapelketako kanporaketa jokatuko da, eta honako bikote hauek arituko dira: Ardeo eta Arozena, Iraola eta Garmendia, Barberena anaiak, Pikabea anaiak, Cano eta Maiza, Kañamares III.a eta Eugi, Oteiza eta Berruezo, Irigoien eta Etxenike eta Kañamares IV.a eta Kañamares V.a. Bakoitzak hamar epai eman beharko dizkio etzanda jarritako 45 ontzako enborrari, eta bost zutik jarritakoari.
Leku berean Nafarroako lokotx-biltze finala ere jokatuko da. Etxegarai, Iantzi, Telletxea, Goldarazena eta Lasaga neurtuko dira. Lokotx bakoitza metro eta 25 zentimetrora jarrita egongo da, eta 50 batu beharko dituzte. Fernando Etxegarai izango da txapela lortzeko faborito nagusia.