UDATE | IPAR EKHIAN
Itsabehera eta itsasgora
Jon GARMENDIA Idazlea
Urdazuri ibaian txalupa ttipi bat ikusi duzu, ez atzera ez aurrera, erdi-erdian dago, eta bakar-bakarrik. Panpa-belar batzuen itzalpean eseri zara, bero egiten du gaur, eta pausa labur bat ez zaizu gaizki etorriko. Hala ere, ez zaitu ibilalditxoak akitu, baina zu, hala sentitzen zara aspaldian, indarge, ezertarako gogorik gabe. Badakizu urak handitzen duela ura, eta bakardadeak tristezia, zuk ez duzu hala sentitu nahi, nahiz eta badakizun zure kontrolpetik ihes egiten duen zerbait dela triste izaitea. Txaluparekin identifikatu zara orduan, eta hor zaude hari beha, ur korronte ahulak nora ezean ibiltzera kondenatu balu bezala ikusten duzulako, inertziaz bizitzea egokitu balitzaio bezala. Ezer ez dago haren esku, berak ezin du ezer erabaki, soilik egon, eta orduak pasatzen ikusi. Baina pasako da bolada txarra, ona pasatzen den gisa, hau ere pasako da. Uraren gain mantenduko zaituen lema atzematea da gakoa.
Bikote bat igaro da zure aitzinetik, eta begirada labur bat eskaini dizute, baina haien begiak zugan iltzatu direla eta hitz egin dizutela nabaritu duzu. Zuk txalupa ikusten duzun gisa bereko ikusten zaituztelako haiek ere zu. Ez da nehor poztuko zugatik, poz guti duzu zuk eskaintzeko bestalde, baina zuk indar bat egin ezean, zuk alaitzeko motiborik aurkitu ezean, ezinezkoa izanen da, hondora eramango zaitu mareak. Eta badator itsasgora, eta hasi da handitzen ura, orain bai txalupa zarela, hura bezalakoa izan behar duzula, uraren indarrarekin badoalako gorantza.