UDATE
Pirineos Sur, metropoliak mendi gailurren babesean
Tenako bailara sakonean, Lanuzako lakuaren bueltan eta Sallent de Gallego herrixkan urtero gauzatzen den miraria da Pirineos Sur, oraindik gailurretan elurra duten mendiek babestua. Jaialdiak 50.000 lagun inguru batzen ditu urtero bertara, tantaka-tantaka garatzen den kultur egitarau oparo batek eta inguruko natura zoragarriak erakarrita. Eta lautik bat, euskalduna da.
Testua: Anartz BILBAO Argazkiak: Marta MARCO eta Paco MANZANO
Alderik alde Gallego ibaiak gurutzatzen duen bailara da Tenakoa, Piriniopean gordetzen dena, Aragoi partean. Laurehun kilometro koadro inguru ditu, eta 600 metrotik gora 3.000ra heltzen dira bertako gailur nagusienak (Balaitus, Argualas, Picos del Infierno...). Bertan kokatzen da Sallén de Galligo (aragoieraz), 1.500 biztanle eskas dituen herria, eta ondoan du izen bera daraman lakuagatik ezagunagoa den Lanuza herrixka ere.
Paraje hauetan jaio zen, orain hogeita bi urte, Pirineos Sur, neguan mendizalez betetzen zen bailarari udan kultur eskaintza eta, honen bidez, bizitza eman nahian. Baita lortu ere, urte gutxian ezinbesteko erreferente bihurtu baitzen jaialdia herri musiken maitaleentzat. Mugaz haraindiko jaialdi honek -Portalet d'Aneutik gertu du oso Frantziako Ossau bailara- 50.000 mila lagun inguru erakartzen ditu urtero, eta batez beste bisitari bakoitzak 150 euro inguruko gastua egiten du bertan, antolakuntzatik azpimarratu digutenez. «Herri txikiz osatutako bailara batez mintzo gara, eta zifra garrantzitsuak dira».
Aipatutako bisitarien artean, asko dira euskaldunak, eta batez ere, gipuzkoarrak (euskara entzuten da inguruotan, eta makina bat haurrek darama euskal futbol taldeen tiserta). «Ez dago esan beharrik ere, ondo dakizue zuok nola zoratzen zaituzten mendiak», hitzok erabili zituen Luis Calvok, jaialdiko zuzendariak, ekimenaren 22. edizioa aurkezteko Euskal Herrian egindako agerraldian, euskal festibal zaleen garrantzia eta presentziaren zergatia agertzerakoan. «Aragoiarrak kenduta (Zaragoza batez ere), Pirineos Sur jaialdiko bigarren multzorik handiena da euskaldunena».
Asko jaialdiak ez ezik mendiak erakarrita hurbiltzen dira bertara. Guk esaterako, gasteiztartua den oñatiar bat birritan aurkitu dugu haurren txokoan; mendigoizale traza ikaragarria du. «Kasik urtero etorri izan naiz, batez ere mendiagatik. Gazteagoak ginela kanpinean etortzen ginen, lehenengo anaiarekin -ez ei zuen egun bikotea duena ezagutu ere egiten-, gero neska lagunarekin eta egun familian». Beraz, kontzertu gutxiago eta umeen tailerrak gehiago ezagutzen ei ditu orain, baina mendi bueltatxoa bere horretan dago. Urteen poderioz, aldaketak ere ikusi izan dizkio oñatiarrak jaialdiari. «Antolakuntza gero eta hobeto ikusten dut, garbiago dago ingurua, kontrol gehiago kanpinean ere. Lehen lo egitea ezinezkoa zen, eta gero ezin goizean mendira jo, basatiagoa zen. Eta gu ere gazteagoak ginen!».
Baina denak ez ditugu aurkitu urteen higadurak sortu dituen aldaketekin gustura, artisautza azokan salpostua paratu duen lagun parea, esaterako. «Ni nafarra naiz eta lehenengo aldia dut hemen, lagunak deituta etorri naiz-eta, salmenta kontuak gaiztotuta direnez denda partekatzera», esan digu afrikar oihalak saltzen dituen Lizarraldeko hippyak. Ondoan madrildar mendizerrako kidea du, harribitxiak eta burdinazko tresnak saltzen dituena. «Aurten ez dabil jende askorik hemen -adierazi digu penaz-, eta egia esan, urtetxoak dira jaialdiko arimak ihes egin zuena». Orain egun pasa etortzen ei da lehen denbora luzea Sallent inguruan ematen zuen festibal zalea, madrildarraren ustez. Lizarraldekoak, horrela laburtu digu bere susmoa: «¡Mucha policía, poca diversión».
Gallego ibaiertzeko Munduko Terrazetan aurkitu ditugu bi saltzaileak. Askoz gehiago ere badira. Afrikar artisautza, eskuz egindako arropak, bitxiak... ez da ezer falta. Ezta jatekorik ere; badira hawaiiar gosariak, alemaniar taberna, zuku naturalak, begetarianoentzako menu bereziak, magrebtar kus-kusa... eta haima eder bat, te areto baino gehiago, katxinba erretoki ere badena. «Abderrazak da nire izena, marokoarra naiz baina Zaragozan bizi naiz, eta zortzi urte daramatzat jaialdian atseden gune den chillout haimarekin. Negozioa dut hau, baita topagune ere, urtero etortzen diren bezeroak jada lagun ditut eta. Horixe da gure gunea, lagunen topalekua».
Mendazko te gozo bat dastatu dugu Abderrazakekin berba egin bitartean. Haima gaztez beteta du, baita kamera eta argiz ere. Egunotan film grabaketa baten leihoa da jaialdia, David Yañezek zuzentzen duen «Muchos pedazos de algo» film luzearen kokagunea. Parean Sallent herriko agertokia dugu, gauera zuzeneko bat argiztatzen duena. Izan ere, hirigunekoa baino landaguneko jaialdia da Pirineos Sur, baina ez du, adibide bat jartzearren, EHZ-k bezala hiru egunetan bere egitarau osoa ezagutarazten, tantaka baino. Iragan astean, esate baterako, hegoafrikar gaua izan genuen, Touchwood eta BCUC taldeekin. Lau zuriz osatutako taldea bata (hiru neska eta bikiak tartean), Lurmutur hiritik etorri eta folk lasaia eskaini ziguna. Bantu tradiziotik eratorritako nahasketa kaliputsua bestea, Johannesburgoko Soweto gatazkatsutik beltz seikote irribarretsu batek eskainia (lagun egin dugu Luja Ngoepe, bonbo jotzaile jatorra). Jaialdiak ezagutzera eman dizkigun deskubrimenduak biak ere, Casa Africak antolatutako Vis a Vis ekimenaren irabazleak. «Metropolis» lelopean garatzen da aurten Pirineos Sur, eta erdiguneetatik kanpo diren soinuak ezagutaraztea du ardatz. Eta Sallent herriko oholtzak talde ezezagunak ezagutzera ematen baditu (doan dira hemengo emanaldiak); asteburuetan Lanuzako lakuan ur gainean den taulak nazioarteko sona duten artistak argitzen ditu -Estrella Morentek magikotzat duena-. Atzo esaterako, asteazkena izanda ere, bertan jo zuen Paco de Luciak, itzal handiko musikaria baita (Salif Keita ere bertan izan da, eta Rachid Tahak joko du larunbatean).
Egun argitan
Jaialdiak ematen duen lasaitasunak ekarri du Eli murtziarra ere Pirineos Sur-era. «Urtero datorren lagun baten kontakizunetatik ezagutzen nuen jaialdia, lehen urtea dut nik. Askatasun handiko gune bat aurkitu dut hemen, kontzertuek baldintzatzen ez dutena, naturak ere milaka aukera ematen dizkizu-eta. Ezagutzen ditut jaialditzarrak, mugatuak eta itxiak, baina ez naute berriro harrapatuko. Honakoa egituraz txikitxoa da, familiarra, eta jendearekin harremanetan sartzeko aproposagoa».
Eli BCUC-k jo eta biharamunean eman duten eskolan ezagutu dugu, eguerdiz. Tailerrak «Hegoafrikako musika tresnak eta ahotsa» du izenburua, eta murtziarra penaz da, taldeko neska abeslariak ez baitu izan irakaspenak emateko astirik; koreografiak ikasten eman dugu denbora. Aipatutako tailerra herriko kiroldegian garatu da, «Dias del Sur» deiturikoaren barruan. Egitarauak kale ikuskizunak (zirkua, kalejirak, txarangak, antzerkia...) eta haurren txokoa (ipuin kontalari, eskulanak...) ditu tailerrez aparte -hauek heldu zein haurrentzako dira, baita familia osoarentzako ere-. Hitzordu bat egunero eta (kasik guztiak) doan.
Eguneko egitarauaren barruan, Javier Hernandez ipuin kontalaria izan da umeen gunean, Erdi Aroko vielle-a jotzen duen Raquel Sobrino musikariarekin batera -arrabitaren antza du-. «Ni izatez ilustratzailea naiz eta istorioak marraztu egiten ditut», adierazi digu aitonaren kontrako bidean, Argentinatik Pirinioetara jo duen Hernandezek. «Ahozkotasuna lantzen nabil orain, jatorriz horrela kontatzen baitira ipuinak, eta mendi girokoak direnez, ezin toki aproposagorik aurkitu hau baino». Umez lepo izan zuen emanaldia zela-eta, «entzule gutxiago eta giro intimoagoa espero nuen, eta haurrei partaidetza gehiago emateko gogoz gelditu naiz». Eta jaialdia? «Aspalditik ezagutzen dut eta aurten giroz apal samar aurkitu dut. Jende gutxiago eta parranda gogo gutxiago akaso -kontu orokorra dela dio-. Baina kultura nahasketaren espirituarekin jarraitzen du, eta ez da gutxi».
Nahasketa egunero nabari da kaleetan barrena. Udatiarrez lepo da ingurua, baina jendeak ondo ezagutzen du parajea; eguraldi aldaketak bortitzak izan daitezke eta iluntzerako ondo gordetzen dira, nabari da mendizaleak direla. Eguzkiak bizkor ematen dio txanda ekaitzari eta honek jaialdia kaltetzen badu ere, ez da eragozpen. Bidaia amaitu baino lehen bikote xelebre bat ere ikusi dugu. Gizonak bizar luzea eta rastak ditu, baina traje grisez dabil hara eta hona. Ondoan duen neskatoak sabel dantzaria dirudi, buelta eta buelta dabil euripean eta oinutsik. Frantziako folk jaialdi batetik datozen eta Pirinioak gurutzatuta ezustean Sallenteko jaialdia aurkitu duten Tim Key eta «Fairy» dira -alegiazko pertsonaia mitologikoa da europar folklorean, eta izengoitia du neskak-... Zeelanda Berritik datoz! Tom' newtowns Rocksteady eta Merlin Webster reggae taldeetan jotzen duen Tim musikariarekin ingelesez berba egin nahian genbiltzala, zale handia ei duen Fairy hurbildu zaigu sorbaldan musu eman eta besarkatzeko. Horratio, ezin hippyagoak dira horratio!