UDATE
Bebop?, «Be-Bob Esponja!»
B Aurten aurrenekoz, jada hiri oso-osoan zehar barreiatua den Jazzaldia haurrengana hurbildu da, herenegun abiatu zen Txikijazz egitasmo berritzailearekin. Gaur eta bihar, Kursaaleko kuboen arteko terrazetara hurreratzen denak izango du zertan parte hartu. Urte batetik 16ra bitarte, ipuin kontalari, musika tresnen eraikuntza... eta disko jartzaile tailerra ere badira.
Anartz BILBAO | DONOSTIA
Horrela entzun genuen atzo eguerdian Musika Naiz taldeak eman zuen kontzertu didaktikoan. Aurrean badira ehunka bat ume koskortu, parte hartzeko irrikitan. Deabrutxo batek umeak dantzara xaxatzen dituen bitartean, musikari seikotea bluesarekin hasi da. Dixie eta kubatar erritmoen artean bebop doinu bat ere eman dute -«be-bob esponja» bihurtua-, eta tartean «Caravan» edo «Pink Phanter Theme» jo. «Musika Naiz taldearentzat musika pertsonaren garapenerako tresna da, eta Donostia Kulturak eskatuta antolatu dugu kontzertu didaktikoa», azaldu digu taldeko gidari Yamel Romero perkusio jotzaile kubatarrak. «Helburua parte hartzea da, azalpenak ematea baino, ikus dezatela beraiek ere kapazak direla musika jotzeko, izan daitezela protagonista».
Izan ere, Musika Naiz taldeak ume koskor batzuk gonbidatu ditu zuzenekoan zehar, taulara igo eta beraiekin musika jotzera. Ahotsak, perkusioak, bateriak, saxofoiak, kontrabaxuak eta pianoak, bakoitzak laguntzaile bat du orain. Erikek «piano antzeko bat» jo du. «Beraiek esan didate zein erritmotan jo, eta ez zait oso erraza egin». Urkok berriz bongoak jo ditu, eta eskarmentua du. «Hiru urte daramatzat eta super ondo». Xabik kantatu egin du, «eta disfrutatu dut»; ondoko neskak: «katxarro bat jo dut... mirlitoia edo».
«Larunbat eta igandean -Musika Naiz taldeko zuzendari Romerorengana bueltatu gara-, beste egitasmo bat garatu eta musika tresnak sortzeko tailerra egingo dugu birziklatutako materialak erabilita. Kalejira egingo dugu gero, marching band gisara». Ikusgarria izango da, lehen urtea izanda ere bistan baita ekimenak arrakasta izango duela. «Orain dela bost bat urte pentsatzen hasi eta aurten kontzertu didaktikoa egin nahi genuen. Eta, babesleen erabateko laguntzarekin, egitarau osoa prestatu dugu azkenean, familia osoarentzako»; aurkeztu digu Txikijazz Esther Fernandino antolatzaileak.
Ekimenak gaur eta bihar jasoko du egitaraurik oparoena. Kursaal atzeko terrazetan barreiatuta, txikitxoenek ipuin kontalaria izango dute eguerdian, baita jolasgunea ere (11.00-14.00). Loro DJ-ak musika jarriko du, eta dantza-jazza ere izango da.
Ikastaroei dagokienez, hiru urtetik aurrerakoek musika-tresnak sortzeko tailerra izango dute -bukaeran kalejira egiteko asmoa dute-; sei urtetik hamabi urtera bitartekoek sorkuntza tailerra Tamayorekin, eta kamisetak egiteko abagunea izango dute, Uni Posca eta Blamirekin -berea du Txikijazz tiserten diseinua-. Nagusitxoenek, DJ sorkuntza tailerra izango dute, Makalaren gidaritzapean.