berria.info, Iñaki Petxarroman 2013/7/25
Ez da delitua
Auzitegi Gorenaren iritziz, Yolanda Barcinak ez du deliturik egin. Haren ustez, Nafarroako Kutxako bilerengatik bi edo hiru dieta justifikatu gabe kobratzea ez da nahikoa lehendakaria auzipetzeko. Arnasa emango dio epaitegiak, ustelkeriagatik zigortutako PPko buruzagi ohi bat -Balear Uharteetako lehendakari ohi Jaume Matas- espetxera joatetik salbu utzi duen bezala.
Etikoki edonork daki ezin onartuzkoa dela presidenteak, Sanz, Maia eta Mirandarekin batera, egindakoa. Eta, Barcinak bezala, Auzitegi Gorenak ere badaki Nafarroako gizarteak jadanik epaitu duela jokabide hori.
Auzitegi Gorenak badauka zeregin handi bat une honetan. Izan ere, Espainiako Estatuko goi buruzagi askoren gainean -Rajoy presidentearen gainean, besteak beste- hedatua dago ustelkeriaren mamu iluna. Hainbeste, ezen sistemaren beraren oinarrietan saldukeria eta ustelkeria errotuta daudela baitirudi. Sistema salbatzeko bi bide egon daitezke: garbitu eta berritu edo estali eta gorde. Gorenak bigarren horren alde egin duela dirudi.