GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KRONIKA | epaiketa politikoak

Amaiurren jarri dituzte herri harresia osatzeko harri berriak

Ez sargoriak ez Guardia Zibilak errepideetan jarritako kontrolek ez zuten ekidin atzokoan Amaiurren Euskal Herri osotik heldutako ehunka lagun biltzea. Helburua erasoen aurrean herri harresia inoiz baino beharrezkoagoa dela aldarrikatzea zen, eta, bide batez, ezkutuan diren Luis Goñi eta Xabier Sagardoi gazteei sostengua adieraztea.

p002_f04_250x152.jpg

Martxelo DÍAZ

Goñi eta Sagardoi espetxera itzultzeko arriskuan dauden azken bi euskal herritarrak dira, Auzitegi Gorenak horrela erabakita. Dena den, ehunka herritar egoera berean egon daitezke, datozen hilabeteotan epaiketa ugariri aurre egin beharko dietelako euskal herritarrek.

Hori gogoratu zuen Eleak taldeko kide Zigor Olabarriak 1522an Amaiurren Nafarroako burujabetasunaren defentsan aritu zirenen omenez eraikitako oroigarriaren aurrean. «Harriz harriz, herriz herri» leloa ekarri zuen gogora Olabarriak, herri harresiaren beharra eta helburua laburbiltzen duela nabarmentzeko. Erasoek irauten duten bitartean, herri harresia eraikitzea beharrezkoa izango dela azaldu zuen. «Esperientzia ugari izan ditugu, baina herri harresia oraindik ez dugu eraikita. Estatu oso bat eta bere kolaboratzaileak ditugu aurrean eta herri harresia altxa behar dugu».

Horrekin batera, harresia herriz herri altxatzearen beharra gaineratu zuen Olabarriak. «Egun epizentroa Iruñerrian dugu, Barañainen, Luis eta Xaporen [Sagardoi] kasuak direla eta, baina eraso berriak datoz eta herri guztietan eraiki behar dugu harresia», esan zuen.

Harresia harriz harri eraikitzearen beharra ere aipatu zuen Olabarriak. «Guztion artean egin behar dugu. Batzuetan harritzarrak jarriko ditugu, besteetan harri koxkorrak. Eta ohartzen garenerako herri harresia izango dugu. Eskubideez ari gara eta eskubideak ezin dira garai politikoen mende egon. Aitzakiak bukatu zaizkie. Denboraz kanpo eta logikaz kanpo daude. Salbuespenezko lege eta politikekin amaitu beharra dago. Baita salbuespenezko epaitegiekin ere. Horien ondorioz kartzelan daudenak kalera atera behar ditugu eta ezin dugu onartu beste 200 lagun espetxera eramatea», nabarmendu zuen. «Herri harresian ezinezkoa da kanpotik sartzea. Baina goxoa izango da barruan daudenentzako, eta ekimen ugari abiatzeko giroa sortuko du», erantsi zuen Eleak-eko kideak.

Orain arte izan diren esperientziek ere lekua izan zuten Amaiurren. Gasteizen, Errenterian, Donostian eta Ondarroan atxiloketen kontra egin diren protestako ordezkariak Baztango herrian izan ziren. Bakoitzak harri bat paratu zuen herri harresi berria eraikitzearen ekarpen bezala.

Auzitegi Gorenak libre utzi dituen Maider Caminos eta Aritz Azkona ere Amaiurren izan ziren atzo. Kausa berean zigortu dituzten eta egun ezkutuan diren Goñi eta Sagordoiri besarkada beroa igorri zien Caminosek. «Duela 500 urte Nafarroaren burujabetasunaren defentsan aritu ziren toki beretik Luis eta Xapo ez dituztela eramango esaten dugu. Maite zaituztegu. Zuekin gaude. Gure maitasun eta babes guztia duzue», adierazi zuen.

Caminosek gogoratu zuenez, duela bost urte bederatzi lagun atxilotu zituzten Iruñerrian, eta, ostean, torturak salatu zituzten. Atxilotuetako zazpi espetxeratu egin zituzten, eta, sei, epaitu. Auzitegi Nazional espainolak bost kondenatu zituen eta orain Auzitegi Gorenak biren kontrako sententzia berretsi du. «Horretarako torturapean egindako autoinkulpazioak baino ez dituzte kontuan izan», nabarmendu zuen. Estatu espainoleko epaitegiek ez dutela inolako zilegitasunik jarduera politikoan aritzen diren euskal herritarrak epaitzeko ere gaineratu zuen: «Gorenaren ebazpenaren zilegitasuna ez dugu onartzen».

Horrekin batera, Aritz Azkonak herriak duela hitza azpimarratu zuen, baita herriak epaiketa politikorik ez duela nahi argi esan duela ere. «Planto egiteko garaia heldu da, desobedientziari ekiteko ordua», gaineratu zuen.

Goñi eta Sagardoiren harriak izan ziren atzo jarri zituzten azkenak. Ez ziren Amaiurren egon baina txalo ugari jaso zituzten.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo