UDATE | APERITIFA: MARYSE CACHENAUT
«Bestetan ere bai, jendea jaten duenaz arranguratua da»
A.B. |
ELB sindikatuak, aurten, lehenengo aldiz, Baionako bestentzat jarritako laborarien xokoan topatu genuen Maryse Cachenaut Lurramako lehendakaria, xerriki-biper arroltze moletak mozten.
Goizeko hamaiketan hasi, eta, hatseko hamaikak arte lanean aritzeko asmoarekin zegoen. Bertan tortillak eten gabe mozten zegoela ostatuan itxaroten zeuden milaka lagunen gosea hasetzeko, besta noiz demontre egiteko asmoa zeukan galdetu genion. «Lanean naiz bai, baina, giro onean ari gara. Baionan aizu dugu garadardoa hartzea lanean ari garen bitartean».
Lapurdi kostaldeko eta Hazparne inguruko beste hogei eta hamar laborariekin zebilela lanean, tartetxo bat hartu zuen, zigarro bat erre, baso bat hartu eta, Baionako jaietan bizitako esperientziak aipatzeko. Maryse Cachenaut, Itsasukoa bada ere, gaztetik egin ohi ditu bestak. Duela hogei urte, lagun kuadrillarekin Baiona Ttipira arratsetan hurbiltzen zen gehienbat. Baina, lekuko beste hainbat jende bezala, zenbait urtez, jaiak ez gehiago egitea erabaki zuen.
«Jendea arrunt mozkorra zegoen eta sobera jende zen», tamaldu zuen. Denborarekin eta, seguruenik adinaren poderioz, egunaz eta bereziki igandean egiten ditu. «Igandetan giroa ezberdina da. Kaleetan jende ezaguna topatzen duzu. Egunaz jaiak egitea gosoa izaten da», gehitu zuen.
Kantuz bai, zezenak ez
Aurtengo jaietan bestaren esperientzia berri bat bizitzeko aukera izan du Laborarien xokoari esker. Duela hogei urte besta egiteko baliatzen zuen Baiona Ttipiko auzoan Etxeko Burgerrak, biper tortillak eta makarroi entsaladak egiten ikusi zuen bere burua.
«Falta zen horrelako leku bat Baionan. Gero eta gehiago jendea jaten duenarekin arranguratua da, eta, bestetan ere horrela da. Jende trumilka hurbiltzen zaigu egunero, eta, hori marka ona da», azpimarratu zuen. Gazte garaiko jaiak gogoratzerakoan, bestak asko aldatu zirela nabarmendu zuen. Eta, horretan, zuriz eta gorriz jantziek eragin handia izan zutela esan zuen. «Ez da bakarrik jantzi kontu bat. Kolore horiekin, goizero jendea etxetik jantzi garbiekin ateratzen da eta jarreran aldaketak sortzen ditu. Duela hogei urte laneko buzo urdinekin ateratzen ziren kalera», bukatu zuen.