Julen MURGOITIO
Ziabogak noranzkorik ez
Hatsa dario beheko Estatuaren izen bera daukan markari. Ustela dario Estatuaren beraren izanari ere. Nazkagarri. Sudurzuloak aspertzeko bestekoa. Barrena okadaka husteko modukoa. Bai, zabortegiak beharko denbora luze batean. Hori marka gero!. Baina gaur gaurkoz marka horren menpean segitzen dugu guk geuk ere, atez ate burujabe izan nahi dugunok, zabortegi horrekin amarrak behingoz apurtzeko ibilbide orri eraginkorra topatu artean; jakina, eta bidean erre gabe!. Menpean, bai, momentuz. Marka propioa gauzatu artean. Propioa, bertatik bertarakoa, kolektiboan eginda, hori bai berrikuntza! ez urruneko tailer bateko sotoan egin eta gero hemen etiketatuta. Ez.
Izenez oraindik jaungoiko eta lege zaharraren gerizpean direnek Euskadi hautatu dute marka, ziklista batzuek ipurdi aldean ikusgai eramaten duten hori berori. Ziaboga bidezko itxura eman nahi izan diote markaren aldeko apustuari. Estropadak udarakoak direla jakitun, seguruenik. Baina udak udazkena dakar, ezinbestean, eta negua ere, geroago, horrenbestez. Orduan kalean hotz hezea, bulegoan sargori transgenikoa. Neguak neurtu ohi du udako apustuen tamaina, ohiko inkestek hori jasotzen ez badute ere. Hara, ziabogara! Batzuek aginte-makila balizan kateatuta geratzeko moduan abiatzen ohi dira, makila arrauna bailitzen. Eta abiapuntura bueltatzen ohi dira, noranzko gabeko joan-etorrian. Magrebtarrek ere antzeko ziaboga egiten dute, egunotan hemendik pasa, sorleku bila, hilabete barru ostera pasatzeko, lanleku bila. Zer ziaboga mota izan daiteke helburua abiapuntuan duen hori?. Bai marka gero horrena!.
Edozelan ere, imajinatzen nago Ajuria Eneako patroia, txalupa lehorrean dela, makila esku batean, sakelakoa bestean, deitzeko hileko ofertarik onena aurkituta, berbetan: orain beheko Estatuaren buruarekin, orain hemengo patronalaren buruekin... Benga, eskegi zuk... ez, eskegi zuk... ez eskegi zuk... ez, zuk... ez... Belarri-zuloak aspertu arteko zuk-zuk-ka. Baina nago ni, ibilbide eraginkorrean asmatuz gero, lehorrean zein uretan asmatu ere, akabo dela berriketa gogaikarria!. Esan beharrekoak esan eta eskegi behingoz!. Deitu dezatela eurek! Eta hamaiketako orduan, demontre!.