UDATE | IPAR EKHIAN
Hugo, beti Hugo
Jon GARMENDIA | Idazlea
Gaur berrogeita hemeretzi urte beteko zituen, berrogeita hemeretzi uda gurean, eta bere herrian, aldiz, berrogeita hemeretzi negu, Venezuelan. Hugo Chavez handia urte honetako martxoaren 5ean hil zen ordea, eta berekin mundu hau aldatzeko itxaropen ttipi bat ere hil zitzaidan niri. Ez naiz mitoak ukaitekoa, ez eta norbait itsuki mirestekoa ere, baina sentimendu hori piztera norbait ailegatu bazait Hugo izan da. Sabanetako tigrea, ez, ez, lehoia, pantera bestela, edo arranoa igual, eta beltza. Ez dakit zein animaliarekin konparatu, eta zailago egiten zait pertsona edo pertsonaia ezagun batekin konparatzea, baina bizitzan ezagutu dudan iraultzailerik handiena bera kokatzen dut ezbairik gabe. Maitatzen ez dizu nehork erakusten, zuk ikasten duzu zeure kabuz, sentitu egiten duzu, arrazionalizatu gabe, eta hala sentitu dut nik Hugorengana, maitasuna. Lazkao Txiki bertsolariari kantatu zion Andoni Egañak leku gutxi behar zuela hark tabladuan, eta joan zelarik nolako hutsune handia utzi zuen, ba, Hugok leku gehiago hartuko zuen ziurrenik edozein lekutan, baina bere hutsunea ikaragarria dela sumatzen dut. Berekin milioika lagunek sentimendu bera ukan zuten, itxaropena; ilusio eta desira desberdinek gorputz bakar batean ukan zutelako pausaleku eta babesgune. Ahanzten den hura hiltzen da soilik, oroitzen duzunak beti segituko du bizirik, eta nik, Hugo Chavez, beti oroituko dut. Nehoiz ez dadin itxaropena hil.