UDATE
Jazzaleen zoramena eragin du Zornen Masada maratoiak
Gaur sarrera guztiak agortuta daude Diana Krall Kursaal aretoan entzuteko. Jazzaldiak beste bi emakumeren jardunarekin itxiko du aurtengo egitaraua, Trinitate plazan Youn Sun Nah korearrak eta Hiromi japoniarrak joko dute-eta. Baina 48. edizio hau gogoangarria egingo duena atzoko John Zorn konpositorearen Masada Maratoia da.
Anartz BILBAO
Diana Krallek gaur Kursaal aretoan emango duen zuzenekorako sarrerak agortu dituen arren -emakumeen eguna izango da gaurkoa Jazzaldian, Trinitate plazan Hiromi eta Youn Sun Nahk joko dute-eta-, atzo jaso zuen Jazzaldiak emanaldirik azpimarragarriena, atzerritik ere zaleak erakarri zituen Masada Maratoia, jada lagun egin dugun Bob Weir kazetari britainiarrak «urteko jazz gertakizun nagusitzat» jotzen duena. Izan ere, jakin-min ikaragarria piztu du John Zorn konpositorearen inguruan jorratzen den ekimenak. «Nik Rotterdamen ikusi nuen orain urte batzuk, sei taldek jo zuten, bakoitzak 45 minutu. Eta Zornek beti du zerbait ezberdina eskaintzeko», dio inguruan dugun kazetari serbiarrak ere. Donostiako Masada Maratoian dozena bat taldek parte hartu zuten atzo, eta bakoitzak 20 minutu inguru jo zituen, lau ordu osatzeraino -hasieran bost orduko saioa iragarri zuten-. Parte hartzaile guztiak John Zorn (New York 1953) saxofoi jole eta konpositorearen hegalpean dabiltzan musikariak dira, berak sortu zuen Tzadik zigilukoak. Eta tartean bada jada bakarka ere nazioarteko sona duen musikaririk.
Jazz musikak baimentzen duen askatasunak eta bultzatzen dituen elkarlanei esker gainera, Masada Maratoia gainezka egin eta Jazzaldi osora hedatzeko gai da, konexio bitxiak sortuta. Masada laukoteko tronpeta jotzaile Dave Douglas bikainak, esaterako, boskote propioa gidatu zuen herenegun Trinitate plazan; Bar Kokhba taldeko gitarra jotzaile Marc Ribotek (askotan izan da Jazzaldian), Diana Krall lagunduko du gaur arratsaldean; Secret Chiefs 3 taldeak, maratoian parte hartzeaz gain, Basque Culinary Centerren joko du gaur, eguerdian; eta Erik Friedlander txelo jotzaileak Mugaritz jatetxeko Coctail Jazz ekimenean joko du (gaur da eta sarrerak agortuta dira). Loturekin bukatzeko, etxera begiratu eta ezin aipatu gabe utzi Ruper Ordorikaren «Hodeien azpian» lanean bateria grabatu zuen Kenny Wollesen ere maratoian parte hartzekoa zela, The Dreamers eta Electric Masada taldeetan.
Zuzenekoa hasi baino ordu erdi lehenago sekulako ilara zegoen jada auditorioan sartzeko, sarrerak zenbakidunak izan arren. Tartean, musikari amorratu ugari, baita euskal musikari ezagunak ere. Eta nola ez, horrelako ekimen sozialak inoiz galtzen ez dituzten batzuk. Aparteko zehaztasunarekin ekin zion Masada laukoteak jotzeari, John Zorn grinatsuak musikariak aurkeztu bezain pronto. Energia handiz eta soinu bikainez, pasarte lirikoak eta esperimentalak tartekatu zituzten. Enteratu orduko bukatua zuten jarduna eta Courvoisier eta Feldman bikotea genuen oholtza gainean; azkar eta eder. Gogoangarria izango zela iragarri ziguten eta, entzuleen artean ere, ospakizun giroa zen nagusi.
Maratoian parte hartzekoa zen talde guztien zerrenda da honakoa: Masada Quartet, Duo Sylvie Courvoisier Mark Feldman, Banquet of the Spirits, Mycale, David Krakauer «Ancestral Groove», Bar Kokhba, Secret Chiefs 3, Erik Friedlander, The Dreamers, Masada String Trio, Uri Cane eta, bukatzeko, Electric Masada. Guztien berri emango du GARA egunkariak bihar argitaratuko duen kritikan.
Masada Maratoia baino lehen, jaialdiko saria jaso zuen atzo Juan Claudio Cifuentes Cifu kazetariak. Frantzian hezitako errioxarrak 40 urte daramatza Espainiako irrati publikoan jazz musika zabaltzen, eta doinu horiek ezagutzera emateko egindako ahaleginagatik eskerrona agertu nahi izan zion aspaldiko laguna duen jaialdiak.
Martinek, saria eman baino lehen, «Cifu berandu ezagutu nuen, 1978an edo. Jazz munduan erreferentzia genuen ordurako», nabarmendu zuen, Victoria Eugenia antzoki inguruan biltzen zirela nabarmenduta. Omenduak bere aldetik, mikrofonoaren aurrean zuen arriskuaz ohartarazi, eta aspaldiko kontuak gogorarazi zizkigun, eta GARA egunkariko jazz kritikaria gomutan, «Xabier Rekalderekin izaten genituen eztabaidak amaiezinak izaten ziren», adierazi zuen. «Jazzaldiko oroimen bikainak ditut, asko bertan zaudeten lagunekin jazoak, jada falta zaizkigun batzuekin besteak».
Lee Konitz eta jazzaren historiako zenbait erraldoirekin saria partekatzen duela-eta, «izugarri miretsi izan ditut, eta amorruz erosten nituen beraien diskoak» onartu zuen, egin zitzaion ohorearen neurria eman nahian. «Sari hau ez da Ondas bezalako sari profesional bat, hau beste kontu bat dugu, urduri jarri eta hunkitzeko modukoa. Eta horrela nago orain».
«Irratian hasi nintzenetik jazz musikari belaunaldi bat sortu da -dio Cifuk-, baina jazzak, agintarien aldetik eta hezkuntzari dagokionez, ez du kulturak merezi duen bultzada». Kontu horretan, zaharrak berri.
Cifuz gain, esan bezala, Lee Konitzek ere jaso du aurten Donostia Jazzaldia saria. 1927an jaiotako saxofoi jotzaileak badu oraindik ere tresnari putz egiteko hauspoa, herenegun Kursaal aretoan erakutsi zigunez. Bertan jaso zuen saria, jaialdiko zuzendari den Miguel Martinen eskutik, eta auditorio osoa zutik txaloka zela. Musikaria hurbileko eta txantxetarako gogoz agertu zen, eta jazzaren historian ezinbesteko izena dela berretsi.
Herenegungo kontuak aipatu ditugunez, hondartza ere ekarriko dugu lerrootara, euria bota arren jendetza biltzen ari baita Zurriolara. Belle & Sebastianek argitu zuen gauak, esaterako, 8.500 lagun inguru izan zituen ondar gainean saltoka. Gustura hartu zuten entzuleek eskoziarren pop atsegina, aurreko gauean destenplatu samar sumatu genuen Costellorena berarena baino gehiago. Asko desafinatu zuen tarteka eta ez zirudien gustura zenik, zerikusirik ez Trinitate plazan eman izan dituen zuzeneko ikaragarriekin. Atzo Benidormeko Low Cost jaialdian Portishead taldearekin jotzekoak ziren Belle & Sebastian; horrek ez zien eragotzi taldekide batzuei goizaldeko ordu txikietan Altxerrin gin tonic fresko bat edatea, Euskal Herriko lagunekin batera.