Ipar Koreak bere armategia erakutsi du desfile militar erraldoi batean
Koreako gerrari amaiera jarri zion armistizioaren 60. urteurrena dela-eta, sekulako indar erakustaldia egin zuen atzo Ipar Koreako erregimenak. Bere armategia erakutsi zuen Pyongyang hiriburuan egindako desfile militar erraldoian, Kim Jong-Un buruzagia bertan zela.
Giles HEWITT (AFP) |
Kim Il-Sung plaza ikaragarria zeharkatu zuten iparkorear militarrek bi orduz. Lekua herrialdeko banderaren koloreekin apainduta zegoen. Kim Jong-Un presidentearen ondoan Li Yuanchao Txinako presidenteordea zegoen. Elkarrekin ikusi zituzten tankeak eta ibilgailu erraldoien gainean ipinitako era guztietako misilak. Ekitaldiko koreografiak herri osoa buruzagi gaztearekin bat eginda dagoela adierazi nahi zuen.
Kim Jong-Un bera ilunez jantzita zegoen. Ohorezko palkotik agurtzen zituen parte-hartzaileak. Plaza, berriz, kolorez beteta: ehunka milaka militarrek, gizonezko zein emakumezko, banderak eta lore gorriak, arrosak, zuriak eta urdinak zeramatzaten. Ikusgarria, zerua hodeiz estalita bazegoen ere.
Presidentea bera plazara iritsi zenean, su artifizialak bota zituzten, globoak askatzeaz gain. Bertaratutakoek goratu egin zuten Kim Jong-Un, herrialdean beti gertatzen den moduan.
Suziri-jaurtitzaileak, kanoiak, misilak, tankeak, hegazkinak eta helikopteroak ere erakutsi zituzten atzoko desfilean.
Horietako batzuk benetako armen kopiak zirela esan dute Mendebaldeko adituek. Esaterako, atzo KN08 izeneko misila zirudiena erakutsi zuten, baina aipatu adituek esaten dute Ipar Korea ez dela oraindik arma horiek garatzeko gauza.
1953ko uztailaren 27ko armistizioak Koreako penintsula suntsitu zuen hiru urteko gerrari amaiera jarri zion. Ipar Korea komunisten esku zegoen eta Beijingen eta Moskuren laguntza izan zuen. Hego Korea, berriz, kapitalista zen eta estatubatuarrak izan zituen aliatu.
«Aberria askatzeko gerra» deitzen diote gatazkari Ipar Korean, eta atzo ospatu zuten «garaipenaren eguna». Desfile militarrak gerran hildako soldaduak omentzeko ekitaldiz betetako asteari amaiera ipini zion.
Choe Ryong-Hae Armadako buruak iparkorearren nagusitasuna nabarmendu zuen bere hitzaldian. Bere ustez, nagusitasun horri esker lortu zuten estatubatuar etsaia menderatzea. Hala ere, bakea beharrezkotzat jo zuen, «ekonomia indartsu bat zutitu ahal izateko».
Nazioarteko begiraleek Kim Jong-Un presidenteak berakere hitzaldiren bat eskainiko zuela uste zuten, baina ez zen horrelakorik izan. Bi Koreen arteko tentsioa baretzeko ahaleginen artean iritsi dira aurtengo ospakizunak.