UDATE | baionako bestak. kronika: besta hameau de plantoun auzoan
Elkartasunaren beroak girotu du «Favel-ederreko» estreina
Atzoko ekitaldia ez zegoen festetako egitarau ofizialean iragarria. Alta, azken egunetan Hameau de Plantouneko okupek besta berezirako egindako deialdiak erantzun polita izan zuen, 50 lagun inguruk beren adiskidetasuna eta elkartasuna eraman baitzieten etxebizitza eskuratu ezinean maiatzaren 23tik auzoko etxe huts bat okupatzen ari direnei.
Arantxa MANTEROLA
Ez zegoen txarangarik, ezta sekulako tabernarik ere etxaurrean, baina fatxadan paratutako pankartak argi asko adierazten zuen hura zela «Favel-eder» etxea. «Aterpe bat, eskubide bat. Okupazioa ez da delitua» letra larriz idatzia eta ate guztiak zabal-zabalik.
Kuadrilla txikia hasieran. Xumai Murua bertsolaria ttanko ailegatu zen emandako hitzordura. Geroxeago, Las Dos D taldeko ahizpa kubatarrak, okupazioaren nondik norakoak arreta handiz entzun zituztenak. Garagardo edo zuku bat eskuan, denak denbora eginez jendea noiz helduko zain. Izan ere, festak izaki, patxadaz hartzea hobe. Pitika-pitika, ordea, auzokideak agertzen hasi ziren, baita hirigunetik Baiona gainean dagoen auzorainoko bidea egin zuten lagun eta militanteak ere. Txalapartariak ere heldu ziren, eta, haien atzetik, parrilla zekarren laguna ere azaldu zen.
Haur, gazte, heldu eta zahar, jende multzo polita bildu zen azkenean, baina, «gonbidatu berezia», Cecile Duflot Etxebizitza ministroa, alegia, falta. Hartzea Lopez Arana okupatzaileetako batek jakinarazi zien bertaratutakoei, «tamalez, hegaldiak arazoak» izan zituela eta ez zela bertan izanen. Pertsona hain inportantearen faltak sortutako «atsekabeari» irriekin aurre eginez, hasi zuten inaugurazioa. Muruak bertso batean dotore laburbildu zuen etxebizitzaren arazoari erantzuteko ekintzaileek hartutako bidearen eraginkortasuna; «segi dezagun etxe hutsei / kolore pitin bat ematen / beti norbaitek hasi behar du / bertzeek segi dezaten», amaitu zuen bertsoa.
Auzokideak
Segidan, Veronique eta Maiderrek, lau urte besterik ez dituzten Hameau de Plantouneko etxeetako bi auzokidek, HSA etxebizitza sozialetarako egitura publikoarekin dituzten arazo larriak azaldu zituzten. Ekologikoki eredugarriak eta berritzaileak izan behar zuten egurrezko eraikinetan hain izan dira izugarriak hutsegiteak, jada «Baionako favelak» goitizena jaso dutela.
Biek ala biek okupatzaileen ekintzarekin bat egin zuten, «asmo sozialarekin eraikitako etxe hauek, era oso txukunean ez bada ere, nolabait beren helburua betetzen ari direlako auzokide berriei aterpe bat emanez». «Kale gorrian egotea baino hobe da», zioten beste batzuek.
Txalapartaren doinuen artean, etxe atzean prestatutako aperitifan bildu ziren ostean, giro goxoan, abeslari kubatarren ahotsez gozatu aitzin.
Egitaraua, uztailak 28
10.00-19.00>Dianaren ostean animazio musikala nonahi: txarangak, gaita-jotzaileak, txistulariak,trikitilariak...
10.00-12.30>Pilota. Masterraren finala.
10.30-11.00>Jaietako YOGA.
10.30-12.00>Familien meza.
11.00-12.30>Jaietako meza.
11.00-12.30>Banden meza.
12.00>Desfile ofiziala bandekin.
12.00>ASKATASUNAREN PLAZA: Leon erregeareniratzartzea.
13.00-13.30>abeslari eta 100 banda landestarren musika emanaldi berezia.
15.00-18.00> ERREPUBLIKA PLAZA: Dantzaldia.
16.30-23.00>JAKES PORTES plaza. KARRIKALDIA:
16.30: Dantza, Ama Alabak.
17.30: Kontzertua: Senpereko Artxeroak.
18.45: Orai Bateko jiganteak eta txistulariak.
19.00: Dantzazpi Orai Bat txarangarekin. Larrain dantza.
20.15: Baionan Kantuz Tuntunarekin.
21.30-23.00: KarrikadantzaTrikili Trakala taldearekin.
18.00-22.00>Korso argituko gurdien erakusketa. Gaia: «Haurren MunduLiluragarria».
18.30-20.30>ZEZEN PLAZAN: Zezenketa jokoen ikuskizuna.
18.00-3.00 Musika emanaldiak: Saprteens & Duende eta DJak.
22.00-00.00>Korso argitua. Gurdi apainduen desfilea.
22.00-3.00 AZOKAGUNEKO PLAZA. Dantzaldia, Mikel Hats orkestrarekin.
22.00-3.00 ASKATASUNAREN PLAZA: Dantzaldia Berri Good orkestraren eskutik.
00.00ASKATASUNAREN PLAZA: Jaien amaierako ekitaldia. Leon erregearen agurra eta suziri jaurtiketa.
10.00-23.00>Laborarien Txokoa ELB sindikatuaren eskutik. Bertako produktu eskaintza.
12.00>Euskal Kanten hitzordua.
13.30 PATXA PLAZA: HERRIRAk antolatuta, Preso eta Iheslari Politikoen Eskubideen aldeko ekitaldia + Herritarren Epaia. Ondoren, herri bazkaria.
Txartelak salgai lekuan bertan. 20 euro helduentzat, 12 euro haurrentzat.