UDATE | APERITIFA: JEAN CLAUDE MAILHARRAIN
«Besta ez da helburu hutsa, bizitzaren baitaezpadako osagaietako bat da»
A.B. |
Jean Claude Mailharrain ez da Baionako bestetan bakarrik ezaguna. Lesakako edo Iruñeko San Fermin jaietan ere behin baino gehiagotan egon da Gerard eta Panpi anaiekin; euskal kantuen hitzekin osaturiko panela lagun, kantuz, kalakan edo dantzan aritzen dira. Kalostrapen, bazkaltzeko etenaldi bat egiten ari zela, izan genuen Jean Clauderekin topo egiteko aukera.
Anaiak inguruan barrabaskerietan zituela, Jean Claude Mailharrainek besta errotik bizi duela argi utzi zigun: «Besta ez da helburu hutsa, bizitzaren baitezpadako osagaietako bat da». Jatearen, edatearen, lana egitearen, maitatzearen edo sexu harremanak izatearen pare jartzen du, beraz, besta egitea Jean Claudek. Baionako bestak, berez, ez ditu helburu nagusi bezala hartzen, baina, jaietarako duen grina lagun, bere anaiekin finkaturiko ibilbidean ezinbesteko geldiune dira. Amikuztarra da Mailharrain eta jai giroan murgiltzen familiarekin ikasi zuen. Ezkontzak, bataioak, komunioak edo baita ehorzketak ere izan ohi dira beretzako gune ezin aproposagoak besta egiteko. «Bestak ez dira leku jakin batekoak izan behar derrigor. Nire besta hoberenak familiarekin egindakoak dira. Gogoratzen naiz amatxi utzi izana ehorzketa batean erdi mozkortuta», gogoratu zuen. Bizkar gainean euskal kantuen hitzez beteriko panela zeramatela, atzo Baionako besten giroan murgildu ziren hiru anaiak. Familiarekin egiten dituzten bestak herritar ororekin partekatu nahian, atzo, egun osoz, bi anaiekin eskuz esku aritu zen parrandan.
Tabuak kanpora
Txikitatik besta kantuari lotuta bizi izan dutenez, atzo ere horretan ibili ziren goizetik gauerdira arte. «Gaztetan denak kantuz ibiltzen ginen, baina, pixkaka, musikak gaina hartu eta kantua galdu egin zen», azaldu zuen penaz. Hori ikusirik, duela hogei bat urte, Nafarroaren Egunean hasi ziren kantuz ibiltzen eta geroztik horretan diraute. «Gertatu izan zaigu ehun bat lagun biltzea kantatzeko, askok doinua eta hitzak eskas izanagatik», argitu zuen. Besta ongi egiteko aholkuak eman zizkigun bukatzeko Jean Claude Mailharrainek: «Ez da taburik izan behar, alkoholak bestaren elementu bat izan behar du, baina, betiere, menderatzen bada, norbera eta inguruko jendea errespetatu behar da, eta, bereziki, zerbait partekatzeko nahikeria izan behar da».