surfa
Argizariaren historia: Taularekin batera ezinbestekoa den osagai txiki baina handia
Surf egiteko ezinbestekoa da surf taula, eta, surf taula behar bezala mendean hartzeko, berriz, ezinbestekoa da ez labaintzea. Beraz, argizaria oso garrantzitsua da surflariarentzat. Ia oharkabean pasatzen den osagai honek bilakaera luzea izan du. Hona bere historia.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Garrantzi gabekoa dirudi. Izan ere, zer da ba argizari zati bat surf taula baten ondoan? Baina behar bezala jarduteko ezinbesteko osagaia da argizaria.
Askok ez dute haien taula zikindu nahi izaten eta argizari oso gutxi ematen diote taulari. Gero izaten dira komeriak, izan ere, taula idor bat labainkorra bada, behin uretan sartuta oraindik eta labainkorragoa bilakatzen da; beraz, argizaria ezinbesteko osagai bilakatzen da. Bai taularen gainean etzanda gaudela arraun egin ahal izateko bai behin zutitu ostean zutik joan ahal izateko ere.
Hasiera batean oraindik umel zegoen berniz likidoa hondartzako harearekin nahasten zuten eta taularen gainaldean isuri. Metodoa eraginkorra zen, baina arraun egitean larruazala erabat mintzen zuen. Garai hartan ez zegoen ur jantzirik, beraz, titiburuak eta saihetsak erreminduta ateratzen ziren surflariak uretatik.
Alfred Gallant AEBetako Los Angeles hiriko surflariak «The Surfer's Journal» aldizkarian kontatu zuenez, 1935. urtean biloa kentzeko erabiltzen den argizaria erabiltzen zuten, baina, antza, ez zen batere eraginkorra eta beste zerbaitekin saioa egitea erabaki zuen. Horrela kontatzen du esperientzia: «Egun batean gurasoen etxean sartu eta egongela zeharkatzen ari nintzela nire oinak zoruan itsasten zirela konturatu nintzen, izan ere, nire amak argizari likidoz igurtzi zuen lurra. Hurrengo egunean, amaren argizari botila hartu eta taularen gainaldean isuri nuen. Ama haserretu egin zen, argizari garestiena ebatsi niolako; askoz merkeagoak ziren argizari barra batzuk gomendatu zizkidan».
Proba egin ostean, emaitza bikaina izan zen. Alfred eta bere lagunak argizarizko barra haiek erabiltzen hasi ziren, beraz, arrakasta izan zuen esperimentuak. Baina beste 30 urte behar izan ziren berariaz surf taulentzako argizaria izango zen zerbait egiten hasteko. 50eko hamarkadaren erdialdera argizariari alkimia petrolio apur bat erantsi zionik ere izan zen, baina lehen surf argizaria ez zen 60ko hamarkadara arte kaleratu: Surf Wax.
1967. urtean surf taulentzako argizari eraginkor bat egiteko asmoarekin elkartu ziren Mike Doyle eta Rusty Miller. Emaitza onak lortu zituzten eta haien argizaria asko hedatu zen surflarien artean, baina urte batzuk geroago Coloradoko negozio gizon batek konpainia erosi eta eskientzako argizaria egitera bideratu zuen enpresa.
1972an John Dahlek surf taulentzako argizari egoki bat lortzeko asmotan Wax Research enpresa sortu zuen Encinitas hirian, Kalifornian. Aldi berean, Santa Barbaran Frederick Charles Herzog, Mr Zog, taulentzako argizaria saltzen hasi zen. Argizari hura egun oraindik surf argizari ezagunena da: Sex Wax.
Ordutik argizari marka desberdinak sortu dira, baina egun hiru dira indar handiena dutenak: Sex Wax mitikoa, Mrs Palmer's marka australiarra eta Sticky Bumps. Azken hori John Dalek sortu zuen Wax Research enpresak ekoizten duen argizaria da.
90eko hamarkada arte surf egiteko argizariaren osagaiak ez ziren asko aldatu, «Stiky Bumps» izenez bataiatu zuten formula batek emaitza berriak eman zituen arte. Emaitza, taulari emateko errazagoa zen, iraunkorragoa zen eta gehiago heltzen zuen argizaria. John Dal formularen egileak zuhurtasun handiz gorde zituen formularen osagaiak, baina bere atzetik antzeko argizariak ere egin zituzten beste marka batzuek, eta merkatuan jada argizari andana aurki zitezkeen.
Argizaria bestelako materialekin ordezkatzeko saiakerak ere izan dira, baina surflari gehienek argizaria erabiltzen dute oraindik. 80ko eta 90eko hamarkadetan Astro Deck izeneko marka batek arrakasta handia izan zuen: taulari ez labaintzeko itsasten zaion «grip» deitutako gomazko xafla bat sortu zuen. Enpresak izandako arrakastaren erakusle, egun oraindik ere jende askok Astro Deck deitzen dio gripari, hasiera batean halakoak egiten zituen beste marka ezagunik ez zegoelako. Behin kortxozko xafla jarrita ez da gehiago argizaria eman behar, euskarri ona baita. Jende gehienak, ordea, taularen atzealdean baino ez du eramaten gripa, aurrealdean jarriz gero arraun egiterakoan surflariaren sabelaldea, saihetsak eta bularraldea urratzen baititu. Hori ekiditeko modu bakarra ur jantziarekin babestea da, baina ur jantzia ere asko igatzen du gripak.
John Dahl egungo argizariaren aitaren esanetan, argizaria luzerako zerbait da, izan ere, ez da hura ordezkatuko duen beste osagairik. Gainera, berak dioen moduan, «argizaria, surfaren tradizioan atal garrantzitsua da. Surfaren bihotz eta arimaren zati da dagoeneko».