surfa
Hodei Collazo bikain Huntington Beachen
Zarauztarrak zazpi txanda jokatu ditu PRIME kategoriako txapelketa batean.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Txapelketa garrantzitsua da Kalifornian (AEB) egiten ari direna. Modalitate (skate, bmx, surf) eta kategoria askotako (junior, neskak, mutilak) lehiaketak egiten dira txapelketa bakar batean, horregatik da hain famatua Huntington Beacheko txapelketa.
Nesken kasuan, Biarritzekoa atzeratu ostean, lehen mailako (WCT) txapelketa egiten ari dira, itzuliko seigarrena hain zuzen ere.
Mutilen kasuan, berriz, PRIME kategoriakoa da txapelketa, baina WCTko itzulia (lehen maila) egiten duten 24 lehiakideetako askok parte hartzen dute. Beraz, maila goreneko ikuskizuna izaten da.
Gauzak honela, euskaldunak ere izan dira Kalifornian eta emaitza onena lortu duena Hodei Collazo zarauztarra izan da. Final zortzirenetan sartzeko zorian izan zen, baina Jordy Smith hegoafrikarrak itxi zion bidea. Ikuskizunak jarraitzen du.