josebe egia
Azken astinduen artean, amatasuna
Aurreko batean etxeko atea jo zidaten haurren ongizateaz arduratzen den gobernuz kanpoko erakunde bateko bi ordezkarik. Hilero dohaintza bat eginez erakundeari atxikitzea nahi zuten, eta, horretarako, argudio eta azalpen mekaniko samarrak eman zizkidaten, «ama» hitza ahotik kendu ere egin gabe. Horrek erakarri zuen, batik bat, nire arreta; eutsi ezinik, «fikziozko aitarik» ez ote zegoen galdetu nien. Orduan, ikasitako haria etenda, isilunetik estutasunera eta estutasunetik arrazoibide berri batera jauzi egin zuten.
Ez naiz gehiago luzatuko solasaldi hura kontatzen, baina aipatu beharrean nago «ama» berba barra-barra erabiltzeko haien arrazoi nagusia ondokoa zela: besterik gabe, haurrekiko elkartasuna eta enpatia erakusten omen dutenak, eta zer edo zer egiteko prest agertu, emakumeak izaten dira gehienbat. Hortaz, ondorioztatu ahal izan nuenez, ate bat jo eta emakume batek irekiz gero, aukeraren bat eduki daitekeela jakiteak eman ohi duen grinarekin garatzen dute euren jarduna, amatasun sena ahalik eta azkarren ukitzen saiatuz; gizon batek irekiz gero, ordea, azkar konturatzen dira denbora galduko duten ala ez, eta, ustekaberik izan ezean, berehala uzten dute bere etxeko bake santuan. Laburbilduta, haurrei zuzendutako erakunde edo elkarte gehienen xede-kidea emakumezkoa da, egun oraindik ere aitatasunak ez baitauka, amatasunarekin alderatuta, inolako maila eta aitorpenik.
Amatasunak jarraitzen du izaten familiaren oinarria, eta horregatik gertatzen ari dira aldrebeskeriak horren inguruan. Ez dira nolanahikoak, tamalgarriak baizik, emakume ugariri eragiten baitiote euren oraingo edo etorkizuneko bizitzan. Batetik, Espainiako Gobernuak, PPk, hain zuzen ere, haurra eduki nahi ez duen emakumea ama izatera behartu nahi du, eta borondatezko amatasun eskubidea ezinbesteko betebehar bihurtu. Bestetik, laguntza bidezko ugalketaren inguruan berriki iragarri bezala, haurra eduki nahi duten emakume jakin batzuei, alegia, alderdiak bigarren mailakotzat jotzen dituen emakume jakin batzuei, haurra izatea galarazi nahi diete, borondatezko amatasun eskubidea zanpatuz. Salbuespena, ohi bezala, izango litzateke kasu horretan aurkitzen den emakumeak dirua izatea, izan ere, osasun pribatura jota izan lezake laguntza bidezko ugalketa eskuratzeko aukera; diru hori eduki ezean, eta gizonezko bikotekiderik gabea edo lesbiana izanda, hor konpon, Marianton.
Nabarmena da arreta desbideratze premia gorrian dabilela PP, jada eskandalu gorena dena baino eskandalu handiagoen bila, baina ama nor izan daitekeen legeztatzeak alderdiaren ideologiarekin zerikusirik ez duela esatea, murrizketak diskriminatzeko, atzera egiteko, gauzak agintariek baino argiago eta onartuago dituen jendartea nahasteko erabiltzea... dagoeneko lotsa izpirik ez duela erakustea da. Oihuka eskatzen ari da gobernutik bota dezaten, alderdi guztietatik izorratzen ari baita jendartea, eta desesperoan eroritako alderdi politiko agintari bat ikustea baino gauza beldurgarriagorik ez dago. Ito aurretik, azken astinduak ematen.