UDATE | JEAN LOUIS DAVANT, IDAZLE ETA EUSKALTZAINA
«Aita bat bezala sentitzen naiz, amaren sabeletik haurra sortzeko zain»
Jean Louis Davant izan da Rene Cassin pastoralaren idazlea. Berriki, uztailaren 5ean bete ditu 78 urte Ürrüstoi-Larrabilen sortu zen idazle eta euskaltzainak, eta ez du iduri pastoralak sortzeari erraz utziko dionik, berrien idaztea abian duelako. Sohütako zelaian, lehen emankizuna hasi aitzin ukan dugu berarekin kalakan aritzeko parada.
J.G.
Zergatik Rene Cassin?
Lehenbizi, Lehen Mundu Gerlaz idaztea eskatu zidaten, eta galdezka etorri zitzaidanari erran nion: barkatu gizon gaztea baina 1914ko gerla biziki beltza izan zen, biziki ezkorra, hogei urte berantago berriro hasi zelako gerla berri bat, eta horrek erran nahi du gauzak gaizki egin zirela nonbait, bistan da gerla guztiak direla kaltegarriak, ez dutela onik bere baitan, baina pastoral baterako gai horri heltzea biziki ezkorra zait. Hala erantzun nion. Gero pentsatu nuen Rene Cassinek bizi zuela gerra hura, han izan zela zauritua, eta ondotik giza eskubideen gaiari eutsi ziola, beraz, onartu nuen lehen gerra hura abiapuntu izatea, bigarren gerrarekin lotzeko bide batez, eta Rene Cassinen figura baliatzea bururatu zitzaidan, pastoralari bukaera baikor bat emateko nahikeriaz. Horrek ez du erran nahi Rene Cassin gizon perfektua izan zenik, gizon perfektua oraindik sortzeke dagoelako.
Historiaren bazterrak miatzeko manera bat da beraz...
Enetzat Rene Cassin Europako Gandhi da. Bizitza osoa eman zuen giza eskubideen alde ekiten. Hastapenetik beretik honakoa erran zuen berak: pertsona bakoitza sakratua da, estatuen gainetik, mugen gainetik, eta estatuen eginbidea da horren zaintzea. Eta estatuek ez badute hori egiten, beharrezkoa da munduko justizia bat, munduko polizia bat estatuak behartuko dituena justizia hori ezarria izan dadin, epaitegi berezi batera eramateko estatu horiek. Beraz, pertsona estatuen gainetik kokatzen zuen Cassinek.
Nola izan da pastoral hau idazteko prozesua, denbora anitz eman duzu lanean?
Luzeena historiaren ikertzea da. Gero, badakizu ezin duzula dena kontatu, beraz, hautu batzuk egin behar dituzu, zati batzuk kanpora bota. Hor, anitz eragiten du zuk pertsonaia hori nola ikusten duzun, hari buruz eta hark eginikoei buruz zein ikuspegi duzun, eta horretarako bere ezaugarri nagusiak idazten dituzu. Agertokian gertatuko dena ere aurreikusi behar duzu, eta behin hori dena egin duzularik idazteko prozesua hasten da. Eni ez zait luze joan pastoralaren idaztea, hasi bezala bukatu nuen, segidan, gero idatzitakoa berrikusi, aldaketak egin, taula zuzendariekin ikuspuntuak elkartu, eta horra.
Bestalde, ohitura badaukazu halakoetan, horrek laguntzen du edo beti da zerbait berria?
Hamar pastoral ditut idatziak, eta horietako zazpi izan dira antzeztuak. Erran behar dut itzulpenak ere egiten ditudala, frantsesekoak; hastapenean dena itzultzen nuen hitzez hitz, nerauk dakidalako zer erran nahi dudan idatziekin, baina orain laburpenak egiten ditut, batez ere jendeak ez dezan pasa denbora itzulpenen beha, baizik eta so egin diezaion agertokian gertatzen ari denari. Gero, erran nahi nuke aldi oro ikasten duzula zerbait berri, eta egun handia da enetzat, manera batean, aita bat bezala sentitzen naiz, amaren sabeletik haurra sortzeko zain. Ni naiz pastoral honen aita, baina ama arizaleak dira, taldea, heiek dute garrantzirik handiena eta funtzio nagusiena, eta hor dira errejentak, taulako zuzendariak, haur hori sortzeko laguntza ematen dutenak. Bistan denez, aita bezala, zirrara handia dut haur hori ezagutzeko.
Eta etorkizunarentzat, zer duzu buruan?
Ikus, Rene Cassin judu familia batekoa zen, eta adibidez ez zuen portaera ona izan palestinarrekiko, ez behintzat Bigarren Mundu Gerra amaiturik Frantziari kolonizazioa amaitu behar zuela erran zionean bezala, palestinarrekin ez zuen hori egin, eta honela, arrangura bat sortu zidan horrek, beraz ene buruari erran nion, zergatik ez idatzi pastoral bat islamaren ikuspegitik? Honela Aljeriako gai bat hartu nuen, jakinik nik neuk ere gerra hartan hartu nuela parte; hala, Abdel-Al-Kader-i buruz idatzi berri dut pastoral bat.