UDATE | Baionako bestak
Leon erregea loaldi luzean sartu da, bestei agurra emanez
Bost egunen ostean atzo gauean amaitu ziren Baionako bestak Leon erregearen agurrarekin. Beste behin ere milaka lagunek parte hartu zuten ekitaldian, eta, su festa lagun, 2014rako hitzordua jarri zuten. Izan ziren ekitaldia emozio handiarekin jarraitu zutenak ere, tartean Jean Grenet egungo auzapeza, aurtengoak baitira auzapez gisa ospatuko dituen azken jaiak.
Ainize BUTRON | BAIONA
Agur beroenak eman zizkioten atzo baionarrek, gaueko hamarretan, Leon erregeari. Bost egunez, udaletxeko balkoia okupatu duen jaietako panpinari lo hartzeko garaia iritsi zitzaion, eta, urtero moduan, agurra handizki egin zioten. Herriko etxeko Askatasunaren plazan, zapi gorriak eskuan, milaka lagun elkartu ziren ekitaldia jarraitzeko. Leon erregeak eskuarekin agur xume bat egin zien, eta argi utzi zien bertan zeuden guztiei datorren urtean, berriz ere, udaletxeko balkoian lekutuko zela. Leon erregea estaltzen duen erridaua itxi, eta, su festa ederrarekin eman zioten amaiera Baionako jaiei.
Baina herritar denek ekitaldi ofizialak ez dituztenez sutsuki jarraitzen, jaiak bete-betean jarraitu zuen atzo gauean ere. Izan ere, igandea izaten da tradizioz lekuko herritarren besta eguna, eta, atzo, baionarrek eta inguruko herrietako bizilagunek izan zuten Lapurdiko hiriko giroaz gozatzeko aukera. Lagunekin elkartu eta poteoari ekiteko aukera ez zuten galdu. Tradizioren parte dira ere bazkari herrikoiak. Han eta hemen, asko bildu ziren lagun edo lankideekin janari oparoak preziatzeko.
Igandea izaten da ere bestetako meza nagusietan parte hartzeko eguna. Gosse karrikan gazteak erakartzeko asmoz finkatua duten Apezaren Ostatutik atera, eta, jantzi dotoreak jantzita, Santa Espirituko elizako familien mezan edota Sainte-Marie katedraleko bestetako mezan elkartu ziren apezak. Meza guztien artean garrantzitsuena, hori bai, banda eta gaita jotzaileen ohorez San Andres elizan egin ohi dena izaten da. Apezaren hitzak tartekatuz, abesbatzak lekutu ziren elizan euskal kantuak zabaltzeko asmoz. Kantu eta txaranga doinuekin alaitutako meza bukatu ondoren, bost egunez goizetik arratsera arte karrikak alaitzen aritu diren txarangak, dantzariak eta gaita jotzaileak Baionan barna barreiatu ziren berriz ere.
Meza eta desfilea
Joaldunek ireki zuten martxa, San Andres elizatik udaletxerainoko desfileari ekinez. Leon erregearen gortea osatzen duten hamabi jiganteek jarraitu zieten gaita jotzaileen doinuak tartekatuz. Bero zapa egiten bazuen ere, inguruan zeuden herritarren txalo eta animoak izan zituzten lagun aurrera egiteko.
Baionako jaiak alaituz ibilitako musikari guztiak bertan ikusteko aukera izan zen, beraz, atzoko desfile horretan: umeen danborradako ordezkariak, Landetako Peyrorade eta Mimizan herrietako bandak, Hiriburuko Les Joyeux, Angeluko Les Gênets eta Baiona bertako Lous Tilhores eta Baiona Banda, besteak beste. Lapurdiko hiriburuko Erro Bat dantza taldeko dantzari eta musikariek ere ez zuten hutsik egin ordubete iraun zuen desfilean. Behin udaletxera heldutakoan, Leon erregearen azken iratzartzea ospatu zuten guztiek elkarrekin.
Atzo gauean korso argituaren bigarren gaua ere izan zen. Santa Espiritu auzoko Alsace Lorraine etorbidetik herriko etxera arteko bidea egin zuten, gauez, orga argitu erraldoiek. Aurten, «Umeen mundu miragarria» gaia lantzea eskatu zitzaien ekimenean parte hartu duten hamabost elkarteei. Argiz beterik, Euskaldun Buruak elkarteak Disneyren mundua berreraiki zuen, Moto Club Basque elkarteak, berriz, Asterix eta Obelix omendu zituen, eta, Entente Castillon elkarteak, Dora esploratzailea goraipatzea erabaki zuen. Ohi bezala, hamabi metroko orgak urte osoan zehar lantzen aritu dira elkarteak bi gauez ume zein helduen begiak liluratzeko.
1932. urtean lehen aldiz egin zenetik, Baionako korso argitua jaien hitzordu nagusietakoa bihurtu da zalantzarik gabe. Hala, larunbat zein atzo gauean, milaka ikusle bildu ditu karriketan.
Pasteur plazako iturria besten garaian kentzea erabaki zenetik, joko berri bat asmatu dute zenbait bestazalek: zutoinetara igotzea. Edozein zutoin topatu, hau da, Errobi ibai bazterrekoa zein plaza baten erdikoa, eta bestazale ororen begiradapean bertara igo. Hori gutxi ez balitz, aurten beste burutazio bat ere izan dute bestazale ugarik; hala, norbait zutoin batean gora igotzen hasten zenean, dozenaka lagunek botilak botatzen zizkioten erorarazteko.
Azkenean, espero zitekeen bezala, larunbat gauean gertatu zen ezbeharra. Gazte bat merkatu estaliaren inguruko zutoin batetik erori zen. Baionako erietxeko larrialdi zerbitzura eraman zuten berehala, eta kaskezurreko haustura zeukala jakinarazi zuten sendagileek. Gaztearen bilakaera jakiteko 24 ordu itxaron beharko dira.
Asteazken gauean beste bi zauritu ere izan ziren Baionako jaietan. Bata, Hiriburuko bideko zubitik erori zen; hau da, zortzi metroko altueratik. Bigarrena, berriz, bost metro dituen Mayou zubitik. Biek zaurri larriak badituzte ere, euren bizitzak ez daude arriskuan. A.B.