Trontza | Emakumezkoen Euskal Herriko finala
Sorondok eta Garciak faboritoak zergatik ziren erakutsi zuten
Nafarrek sekulako lana egin zuten, baina gainean izan zituzten Bayer eta Larrañaga bizkaitarrak.
Jon LEUNDA
Sorondok eta Garciak lortu zuten atzo arratsaldean emakumezkoen Euskal Herriko txapela. Beraiek ziren faboritoak, eta ez zuten hutsik egin. Sekulako jendetza batu zen Elizondoko pilotalekuan, atzo jokatu zen jaialdia ikusteko.
Bikote bakoitzak etzanda jarritako 45 ontzako enborrari hamar epai eman behar izan zizkion. Finala oso polita izan zen, Bayer eta Larrañaga bizkaitarrekin sekulako lehia izan baitzuten; amaieran zazpi segundoko tartea bakarrik egon zen. Iraizoz ahizpek lortu zuten podiuma osatzea.
Mutiletan, berriz, Euskal Herriko kanporaketa jokatu zen, eta sailkapeneko lehen seiek lortu zuten finalerako txartela. Kañamares III.a eta Eugi, iaz bezalaxe, aurten ere onenak izan ziren kanporaketan, baina finalean gauzak beste era batera izango dira, Barberena anaiak izango baitira han faboritoak. Atzo bigarren sailkatu ziren. Pikabea anaiak, Irigoien eta Etxenike, Cano eta Maiza eta Ardeo eta Arozena ere sailkatu ziren finalera. Bakoitzak hamar epai eman behar izan zizkion etzanda jarritako 45 ontzako enborrari, eta bost, zutik jarritakoari.
Nafarroako Hirugarren Mailako aizkolarien finala ere jokatu zen, eta Iker Vicentek lortu zuen garaipena. Bera zen finaleko gazteena, eta aurreikuspenak bete egin zituen. Mieltxo Mindegia sailkatu zen bigarren, saio polita eskainiz.
Lokotx-biltzen, berriz, Fernando Etxegaraik lortu zuen Nafarroako Txapelketan garaipena, final eder baten ostean.
Aimar Irigoien nagusitu zen Laukarizen jokatu zen Laukariz Harria Txapelketan. Errezildarrak 24 jasoaldi eman zizkion harriari, eta Izeta II.ak lortu zuen bigarren postua, 19rekin. Telleria II.ak osatu zuen podiuma, 16 jasoaldirekin, eta 16rekin, baita ere, Izeta IV.a geratu zen.
Urdax Magunazelaiak marka berria ezarri zuen atzo, 15 urterekin 213 kiloko errektangularra hiru aldiz bizkarrean berdinduta. Bizkaitarrak berriro ere sekulako maila eman zuen, harria oso erraz erabili baitzuen, eta astunago bat ere erraz jasoko zuen itxura eman zuen.