GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Diana Krall, jaialdiaren alde eguzkitsuan

Dama handi bat Kursaal aretoan, Diana Krall, eta bi asiar jazz musikari Trinitate plazan, Sun Ya Noh korearra eta Hiromi japoniarra. Emakumeek agurtu dute, horrenbestez, aurtengo Jazzaldia, eguraldi bikaina tarteko eta egun argiz.
p045_f06.jpg

Anartz BILBAO

Bukaera aldera Diana Krallek kantatu zuen «On the sunny side of the streets» hautatu dugu hitz jokoa egiteko, atzo uda giroko egun naturalarekin agurtu baitzuen Donostiak 48. Jazzaldia. Izar handi bat da Krall; jazz sonoritatez jantzi arren, bere musika entzuleri zabal zabal batengana zabalik baitago. Eta bere mailari dagokion legez, ilbeheran zen burdinazko ilargi bat (argiz betea) eta izarrak erabili zituen oholtza gainean atrezzo gisa. Baita ertzean paratu zuen gramofono bat ere, akaso gerora entzungo genuenaren ikur gisa.

Izan ere, Costello jaunaren emazteak sustraietara jo eta Ameriketako blues eta jazz klasikoaren kadentzia erakutsi zuen (XX. mende hasierako banden tankerara), ondoan zuen boskoteak maisuki lagunduta: Stuart Duncan (gitarra eta arrabita -azken honekin oso txalotua-), Dennis Crouch (baxuan), Patrick Warren (teklatuetan fin) eta Karriem Riggins (baterian); gonbidatu gisa, eta tarteka zuzenekoari txinpartak ateratzen, herenegun Masada Maratoian parte hartu zuen Marc Ribot -musikari gonbidatu legez; ez alferrik, uneka Tom Waits handiaren sonoritatea gogorarazi zigun, garbiagoa baina, Krallekin egin zuen jardunak (megafonoa ere erabili zuten)-.

Aretoa lepo zen eta giroa... beroa. Oholtza berriz, tramankuluz betea. Zuzenekoa «Glad Rag Doll» azken laneko «We just couldn´t say goodbye» eta «There ain´t no sweet man that´s worth the salt of my tears» kantuekin ireki zuen goitik behera beltzez egur koloreko pianoaren atzean eseri zen Krallek, eta «Just like a butterfly that´s caught in the rain» zein guri iluntzeko ederrena begitandu zitzaigun «Let it rain» malenkoniatsua ere jo zituen lehen atala itxi baino lehen. Bakarka, piano hutsez, besteak beste, «Peel me a grape» jo eta oraindik ere, kasik bi orduko saioan, zalegoa bereganatu eta berriro taldekideen laguntzarekin, «Wide river to cross»-ekin hasita, gogokoen dituen kantak jotzeko tartea ere izan zuen, Nat King Colen «Just you just me» dotorea esaterako.

Diana Krallek festa bukatu zuenerako prest zen Trinitate plaza jaialdiari agur esateko. Hiromirekin batera Youn Sun Nah zen bertan jotzekoa laukotean, iaz ere Jazzaldia itxi zuena, terrazetan baina.

«Jendetza batu zen eta jardun ahaztezina izan nuen», aipatu zigun atzo. «Lehen aldia nuen Donostian eta jaialdiari buruz asko nuen entzuna. Entzuleri berri baten aurrean jo nuen, kasik soinu frogarik ere egin gabe, trafiko arazo batzuk tarteko».

Youn Sun Nah kasualitatez heldu zen jazz musikara, Parisera kantua ikastera joan zenean. «Ella Fritzerald edo Billie Hollidayren kantatzeko moldea aztertzen nuen... eta ezinezkoa zitzaidanez neureganatzea, nire molde propioa garatu eta ahots pertsonala aurkitu behar nuela jabetu nintzen».

Prentsaurreko agerpenean irribarretsu ageri zen hegokorearrak -frantsesez eta ingelesez egin zuen berba- «Lento» izeneko lana du aurkezgai, kazetariren baten ustez tragiko samarra. «Ez, ni ez naiz iluna, baina egia da istorioak kontatu eta letra aditzera behartzen zaituzten kanta frantziarrak eta baladak gustatzen zaizkidala; hunkitu egiten naute».

Trinitate plaza zapalduko zuela-eta, zirraraz zen ahotsa aukera anitzeko tresnatzat duen musikaria. «Zuzeneko bakoitza ezberdina da eta jazza interakzioa da, publikoaren eta artistaren artean ematen dena».

Hondartzako kontuak aipatzeko, atzo oraindik Elvis Costelloren zuzenekoarekin bueltaka genbiltzan, batzuen ustez Trinitate plazako kontzertutik urrun egon zen bitartean beste batzuek bikaintzat baitzuten bere jarduna. Ostiralean, berriz, Belle & Sebastianen kontzertuan Xabi Alonso zegoela-eta, eskoziar taldekideak eurak ziren harriturik zirenak. Eta zapatu gauaz zer esan? Capsulakoak pozik ziren -jaialditzar franko zapaldu dituzte udan-, hondartzan entzuleri zabala zegoela eta. Chk Chk Chk dantza eta parrandazaleak jo zuten gero, eta itsasoan bukatu zuten jarduna, goizaldeko ordu txikietan bainu freskagarria hartuta, Kantauri itsasoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo