GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Ariane Kamio Kazetaria

Kafearen orbanik gabekoa

Zer egingo zenuke bihar aberatsa izango bazina?», galdetu dit lankide batek kafearen hondoko azukrea urtzeko lanetan makiltxoari jira eta buelta ari nintzaion bitartean. Zer egin? «Ez dakit, bada». Ezustean harrapatu nau galderak, eta zerbait erantzutearren, «etxe bat erosiko nuke», esan diot, «kapritxoz jantzitako etxe bat».

Kafea ezpainetan busti eta beroegi dago. Patricia Gaztañagak aurkezten duen «Ongi etorri» iritsi da mahai gainera, eta agertzen diren bizitoki zenbaiten inguruko eztabaida piztea ekidiezina izan da. 500 metro karratuko etxeak, igerilekudunak, dirutza balio duten altzairuak egongelan, etxeko lanak egiteko 24 orduko zerbitzua...

Epeldu da kafea eta lehenengo tragoa barrura. «Egungo egoera nola dagoen ikusita, nola liteke halako etxeak egotea?», berriro lankidearen galdera. «Aberatsak izango dira bada», pentsatu dut neure kolkorako. Ez da, egia esan, euskal herritar gehienen egoera. Ez. Corrugados Azpeitia desagertzear da, eta hori da langileriaren adibide argienetako bat. Azken beharginei kaleratze agiria eman die Gallardo taldeak bart. Atzora arte 40 langile zeuden kaleratze gutunik jaso gabe oraindik. Lehen 300 langilek osatzen zuen lantegia beharginik gabe dago orain. Zero. Ezer ez. Familia askoren kontu korronteetan bezala. Zeroak aurretik eta ez atzetik.

Kafeari azken zurrupada. «Diario Vasco» parez pare irekita, eta berriro lankide galdekatzailea erasoan. «Kirolak ere irakurtzen al dituzu?». «Kirolak? Noski, baina ez hauek, `Marca'-koak gustatzen zaizkit niri». Kontrako bidea hartu dio berari kafeak. «`Marca'? Ez nuke sekula esango halakorik irakurtzen duzunik».

Azukre apurrak geratzen dira bizpahiru tragotan edandako kafearen edalontzian. Zakarrontzira bota eta eserlekurako bidean, Cristiano Ronaldorekin egin dut topo. Hortz zuri eta azal beltzeko gizon irribarretsua da «Marca»-ko portadan. «El Ronaldo Real», jartzen du hizki handiz. Kapritxozkoa izango du etxea, eta kapritxozkoa bizitza. Zuria, merengea, kafearen orbanik gabekoa. [Asperena] «¡Pero qué felices somos!», entzun dut korridorean. Amaitu da atsedena, eta lanera. [@arianekamio]

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo