GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Aurten ere, emakumeak protagonista Bilboko Aste Nagusian

p043_f01_200x140.jpg

Jonebati ZABALA | BILBO

Hamar egun baino ez dira falta Bilboko Aste Nagusiari hasiera emateko, eta, hala, jaietan ezinbestekoak diren pregoilaria eta txupinera aurkeztu zituzten atzo. Abuztuaren 17an, 19.00ak baino minutu batzuk lehenago, Iraia Iturregi Athleticeko kapitainak irakurriko du aurtengo jaietako pregoia Arriaga antzokiko balkoi nagusitik. Ostean, Txori Barrote konpartsako Jone Artolak txupina jaurtiko du, milaka lagunek bederatzi egun eta gaueko zoramena abia dezaten.

Manu Esteban diseinatzaileak sorturiko jantziak soinean azaldu ziren aurkezpenera Iturregi eta Artola. Urtero Zazpikaleetako Merkatarien Elkartea arduratzen da guda karlistetan oinarritutako uniformeak atontzeaz. «Iaz bezala, bi emakumek ordezkatuko gaituzte jaietan, Marijaiaz gain, jakina», nabarmendu zuen Itziar Urtasun Udaleko Jaietako zinegotziak, pozez. «Emakumezkoen futbola goraipatu eta Bilbori hainbeste poztasun eskaini dizkion taldea omendu nahi izan dugu Athleticeko kapitainaren izendapenarekin», azaldu zuen. Bestalde, jaiak «eredugarriak» izan daitezen eta «guztiak harro eta ordezkatuta» sentitzeko, «errespetua eta bizikidetza» eskatu zituen zinegotziak.

Txori Barroteko fundatzaile Jone Artola aukeratu dute, berriz, Bilboko Konpartsek txupina botatzeko, betidanik jaiekin harreman estua izan duen emakumearen ibilbidea nabarmentzeko. Bai Itziar Urtasunek bai Itziar Villafañez Konpartsetako bozeramaileak txupinazo garbiaren aldeko deia egin zuten, irin eta arrautzarik gabekoa. «Ez dago beste lekuetatik ekarritako ohitura zikinak errepikatzeko beharrik», adierazi zuten.

Pregoia irakurtzea proposatu ziotenean broma bat zela uste izan zuen arren, Iraia Iturregik Jai Batzordeari eskerrak eman nahi izan zizkion Athleticeko emakumezkoen taldea aukeratu izanagatik. Izan ere, nabarmendu zuenez, «talde osoaren ordezkaria» izango da. Zelaiko emaitzak oso garrantzitsuak diren arren, jendearen aitortza ere ezinbestekoa dela nabarmendu zuen kapitainak. «Ni izango naiz ordezkaria, baina talde guztiarentzat izango da ohore handia, baita Athleticen barne antolakuntzan parte hartzen duten guztientzat ere». Normalean Lezaman izaten duen eginbeharrarekin alderatuta, pregoilariaren lana oso ezberdina dela badaki Iturregik. «Bertigo pixka bat sentitu nuen hasieran, jakina, izan ere, erantzukizun handia da, Aste Nagusia munduko jairik onenetarikoa baita eta maila eman beharra baitago». Orain arte, pregoilariak ez du Bilboko festez benetan disfrutatzeko aukerarik izan, futbolariak denboraldi-aurre bete-betean izaten baitira abuztuan. Dena dela, aurten «festetan ehuneko ehunean egoteko baimena» eman diotela azaldu zuen. «Alderdi sozialak kirol alderdiak baino lehentasun handiagoa izan du oraingo honetan. Gero ere izango dut denbora sasoian jartzeko», nabarmendu zuen.

Konpartsakide guztiei eskerrak eman nahi izan zizkien Jone Artola txupinerak. Bilbotar gisa «poztasun itzela» sentitu zuen Txori Barroteko sortzaileak, konpartsa guztien ordezkaria izatea erantzukizun handia baita. Mezu argia zabaldu zuen: «Guztiok ditugu arazoak, absentziak, baina jaiak ondo pasatzeko dira eta herrikoiak izan behar dute, Bilboko jaiak diren bezalakoak». Bilbotar guztiak konpartsakide izatera animatu zituen Artolak, eta jaien atzean urte osoan zehar hainbat eta hainbat gizon eta emakumeren konpromisoa eta lana dagoela nabarmendu zuen. «Esperientzia polita izango da, bereziki nire adinean eta egun ditugun jai bereziak lortzeko hainbeste borrokatu eta gero», adierazi zuen. Herritar guztiei Marijaiarekin batera ondo pasatzeko deia egin zien; «emakume alai eta librea da, estereotipo femeninoez paso egiten duena eta guztiokin topera disfrutatu nahi duena».

Argiak, hiria apaintzeko

Hiria apaintzeko argi ikusgarriak egongo dira aurten jaietan. Abuztuaren 17tik 25era artean, Bilboko gauak argitzeko 200 led argi arku eta 8.000 metro koloretako argi jarriko dituzte. Dantzariak, Gargantua, erraldoiak eta Marijaia bezalako pertsonaiak irudikatuko dituzte argiok.

Guztira 300 ekitaldi baino gehiago izango dira Aste Nagusian, eskaintza zabal eta ugaria: herri kirolak, kontzertuak, gastronomia lehiaketak... Su festen nazioarteko lehiaketak ere leku berezia izango du urtero bezala. Europa parkean, Abandoibarran, Pergolan, Plaza Barrian, Gas plazan eta Arriaga plazan sei totem jarriko dituzte QR kodearen bidez «Bilbo Aste Nagusia» aplikazioa deskargatu ahal izateko.

TXUPINAZO GARBIA

Bai Bilboko Konpartsetatik bai Udaletik txupinazo garbiaren aldeko deia egin dute. Bertoko ohitura ez dela eta guztiok disfrutatzeko aukera izan dezagun irin eta arrautzarik ez botatzeko eskatu dute.

300 EKITALDI

Aste Nagusiaren baitan 300 ekitaldi baino gehiago antolatu dituzte, kontzertuak, antzerki lanak edota gastronomia lehiaketak tartean. Guztien berri izateko hiriko hainbat puntutan programa deskargatu ahal izango da QR kodearen bidez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo