Ezker Anitzak ordezkaritza lortzea espero du krisialdiaren atsekabeak bultzatuta
Maiatzaren 25eko hauteskunde europarretan alderdibitasunari «sustoa emateko» moduan ikusten du bere burua Ezker Anitza-IUk, Isabel Salud EAEko koordinatzaile berriaren esanetan. Bide independentearen aldekoa, berea bezalako indar batentzat EAEn tokia badagoela uste du.
GARA |
Krisialdiaren kudeaketagatik herritarrek duten haserrea bideratzea espero du Isabel Salud Ezker Anitza-IUko koordinatzaileak, eta hala, 2014ko maiatzaren 25eko hauteskunde europarretan «alderdibitasunari susto bat ematea». Aurreikuspen horrekin jokatzen du Gasteizko Legebiltzarreko ordezkaritza galdu ostean Mikel Arana ordezkatzen duen alderdiko buruak.
Isabel Salud alderdiaren independentzia mantentzearen alde azaldu da Eferi emandako elkarrizketa batean. EAEn hazteko, Izquierda Unidaren bultzada aprobetxa dezaketela uste du, Gasteizko Parlamentura itzultzeko hiru urte barru.
«Zuhur jokatzen dugu, ez dutelako beti asmatzen, baina badirudi krisialdiaren kudeaketak eta alderdibitasunak jendartean eragin duten nahigabea herritarren botoaren aldaketan islatzen dela», azaldu zuen.
Saluden ustez, EAEn badago tokia berea bezalako indar batentzat, «kapitalismoaren aurkakoa, errepublikanoa eta federala». Gaineratu zuenez, «gauzak ondo eginez, gardentasunarekin eta zintzotasunez, jendeak proiektuan sinesten du».
Ezker Batuarekin izandako apurketa ekarri zuen gogora. Saluden esanetan, klientelismoari lotutako politikarekin apurtu zuten «zintzotasunaren bidea» hartzeko, eta bide horretan bakarrik jarraitu nahi dutela aurreratu zuen. Izan ere, Bilduren koalizioan ez direla sartuko adierazi zuen. «Euskadiren identitatearen pluralismoan sinesten dugu guk, Bildukoek aitortzen ez dutena, monoidentitarioak direlako».
Urrunago ikusten du PSEren ondoko ibilbidea. Bere esanetan, «hemen zein Espainian sekulako sinesgarritasun eza dute, jendeak ikusten duelako gobernatzen zutenean ez zutela egiten orain egin beharko litzatekeela esaten dutena».
Ezker Anitza-IU ados dago Estatuaren ereduari buruz erabakitzeko eskubidearekin, baina ez dator bat Bilduk aldarrikatzen duen Estatu independentearekin.