GARA > Idatzia > Kultura

Kirola eta abentura, pedalkadaka

Euskal Herrian zehar bidaiatu dute zortzi egunez Gazte Ibiltariek, guztira 350 kilometro egin dituzte. Axi Muniain, Irati Anda eta Oihana Kortazar eliteko kirolariak izan dituzte bidelagun abenturazaleek.

p044_f01.jpg

p044_f02.jpg

Enkarterrietako Traslaviña herrixkatik abiatu ziren igandean Gazte Ibiltariak. Gazteaukerak babestutako egitasmo honek gazteen artean kirol jarduerak sustatzeko helburua du. Lehiaketa baten bitartez aukeratutako zortzi gaztek osatzen dute taldea: Imanol Arrese, Iban Auzokoa, Ainhoa Belzunegi, Idoia Garmendia, Iñaki Goikoetxea, Asier Iturregi, Maite Laka, eta Ane Soraluze. Medikuntza ikasleak, kazetariak, filologoa, ingeniaritza ikaslea... Baina guztiek dute ezaugarri komun bat: abenturazale eta kirolzale amorratuak dira. Zortzi egun hauetan zazpi etapa egin ditu taldeak Euskal Herrian barrena, pedalei eraginez 350 kilometro egingo dituzte orotara. Bizkaian hasi, Gipuzkoan jarraitu, Nafarroan sartu eta Arabako hiriburuan bukatuko dute gaur bidaia. Traslaviña-Sopela-Getxo, Zumaia-Zarautz, Zarautz-Urnieta, Urnieta-Lekunberri, Lekunberri-Etxarri, Etxarri Aranatz-Barria, Barria-Gasteiz.

Ander Izagirre kazetari eta idazlea izan dute gidari eta laguntzaile. Gazteekin pasa du aste osoa, bidaia bizikletaz eta batzuetan garraio publikoa -trena- ere hartu izan dute, aterpetxetik aterpetxera dabiltza. Surfa, eskalada eta mendi martxan ere aritu dira. Izan ere, Izagirrez gain, bigarren gida bat ere izan dute ibiltariek, kirolari profesional bat, hain zuzen ere. Oihana Kortazar (mendiko korrikalaria), Axi Muniain (surflaria) eta Irati Anda (eskalatzailea) eliteko kirolariek euren esperientziaren berri eman diete eta bakoitzak abenturako egun bi igaro ditu taldekide gisa.

Sopelan izan zuten surfarekin lehenengo kontaktua. Axi Muniainek azalpenak eta laguntza handia eman zien. Eguraldia lagun, guztiek lortu zuten taula gainean zutitzea. Trenean egin zuten Zumaiara bidaia eta bertan, Muniainen surf eskolan bigarren saioari ekin zioten. Donostian, Irati Andarekin ibili ziren, Pio Baroja kiroldegiko bulderrean eskalada saioa egiten, eta Hernaniko Santa Barbaran, aurreko egunean barneratutakoa praktikan jarri zuten gazteek, benetako arrokan. Nafarroa aldera heldu ziren ostiralean, Lekunberrira hain zuzen ere, Oihana Kortazarrekin batzeko. Bizikletatik jaitsi eta hankak lurrean mugitzeko ordua.

Gogor hasi zuten abentura, goizeko 06.00etan ohetik jaikiz, eguneko erronkei aurre egiteko. Hasieran, apur bat ikaratuta zegoela aitortu du Maite Laka bermeotarrak, eta nahiz eta gero lo egiteko denbora ordu erdi luzatu, etapak ere gogorragoak hasi ziren izaten, lehenengo agujetak agertu, beltzuneak... Baina erritmoa hartuta, egunek aurrera egin ahala, gorputza ohitu egin zaie guztiei. Zarautzetik Donostiara pare bat aldaparekin egin zuten topo eta zulatuak ere izan zituzten, «gogor samarra» egin zitzaien alforjekin. «Euria ari zuen eta mela-mela eginda iritsi ginen Irati Andarengana, eta bokata jan eta ia berehala eskalada saioari ekin genion».

Profesionalekin kirola praktikatzea ez da egunero egin daitekeen gauza. «Eurekin kirola egin dugu bai, baina 24 ordu batera gaudenez, bizikletan, bazkaltzen, egonean... Horrek pertsona bezala ere hobeto ezagutzeko aukera eman digu», azaldu du Iñaki Goikoetxea irundarrak.

Elkarbizitza ederto batean doala diote gazte biek. «Afizio komunak ditugu, kirola, abentura, eta izaeraz ere elkarren osagarri gara denok», azaldu du Lakak. Lau neska eta lau mutil izanik, taldea «orekatuta» dagoela uste dute. Bakoitza Euskal Herriko punta batekoa den arren, kuadrillatxoa sortzen ari direla kontatu du Goikoetxeak, eta bidaia bukatzen denean harremanetan jarraituko dutela.

Abenturaren xehetasunen berri emateko, bloga sortu dute Gazte Ibiltariek. Guztiak arduratu dira Flickr-era argazkiak igo, blogeko posta idatzi, GPSko ibilbidea igo, eta bi egunean behin bideoa egiteaz. Ordenagailu bi izan dituzte eta horiekin konpondu dira. «Momentu libre bat daukagunean egin dugu, gauean lotara joan aurretik, trenean...». Horren bitartez, Euskal Herrian barrena leku ederrak eta diru asko gastatu gabe egin daitezkeen plan dibertigarriak egon badaudela erakutsi nahi dute. Arin pasatu zaie astea ibiltariei, baina egunez egun aprobetxatu eta gozatu dutela, ez dago inolako zalantzarik.

Jonebati ZABALA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo