berria | Garazi Kamio 2013/8/6
'Torturers'
(...) Euskaldunontzat Gibraltar ezkutuko amorante bat da; gure baitan gordetzen duguna, beste inori esan gabe. Erresuma Batuaren zati da (eta ez dugu Erresuma Batua maite) baina Londresetik urrun dago. Ez dugu bertako kamisetarik erosiko, jolas-parkeak maite baditugu ere; hobe han egon garela salatzen duen ezer ez erosi. Halakoxeak gara euskaldunak: dena barrurako, maitasuna barne.
Azken egun hauetan albiste da Gibraltar. Hamar kilometroko luzera duten auto-ilarak sortzen dira egunero bertatik irtetean. Espainiako aduanetan, poliziak goitik behera ari dira miatzen Gibraltarretik ateratzen den auto bakoitza. Madrilgo agindua omen da.
Haserretu dira gidariak. Haserretu autoetan doazen guztiak. Haserretu dira gibraltartarrak. Ez da bidezkoa jendea eguzkipean zain edukitzea, azken egun hauetan Espainia hegoaldean egin duen bero sapa kontuan hartuta.
Ez pentsa, Espainian haserretu denik ere bada. Gibraltargo bizilagunek aduanetan lanean ari diren polizia eta Guardia Zibilei argazkiak atera dizkiete eta, ondoren, karteletan zein Internet bidez zabaldu, «torturers» (torturatzaileak) lelopean. Jorge Fernández Díaz, Espainiako barne-ministroak bere haserrea adierazi du, eta kontu eske joan zaio Britainia Handiari. (...)
Pentsatzen jarri naiz Euskal Herrian horrelakorik egingo balitz, Fernández Díaz barne-ministroak sekulako zalaparta sortuko lukeela, ohi duenez. Gerora, ordea, ezabatu egin dut burura ekarritakoa. Gurean ez dago argazkiak ateratzeko aurpegirik. Ezin erretraturik atera estalitako bisaiei. Gaueko ordu txikietan ez da jolas-parketako parodiarik. Baina «torturers» idatzita utziko dugu sikiera, halakorik gertatzen ez dela frogatzen duten arte.