GARA > Idatzia > Ekonomia

Estafetako lau grebalari, urte eta erdiko kartzela zigorrera kondenatuak

Urte eta erdiko kartzela zigorra eta 570 euroko isuna ezarri diete Estafetako bost grebalarietako lauri, M29ko greban Estafeta kalean izandako istiluetan parte hartu eta langileen eskubideak urratu izana leporatuta. Sententzia «froga faltsuetan» oinarrituta dagoela salatu dute.

p021_f01.jpg

GARA |

Estafetako bost grebalarietatik lau, urte eta erdiko kartzela zigorrera eta 570 euroko isunera kondenatuak izan dira, 2012ko M29ko greban pikete batean parte hartzeagatik. Langileen eskubideen aurkako delitua egozten zieten bost gazteei Estafeta kalean izandako istiluen harira eta joan den astean jaso zuten epailearen ebazpena.

Imanol Salinas, Igor Aoiz, Ander Baiano, Mikel Auza eta Gorka Milagro 2012ko apirilaren 19an izan ziren atxilotuak, greba orokorretik ia hilabete gerora. Desordenak eta langileen eskubideen urraketa egotzi zieten. Lau urte eta erdiko kartzela zigorra eta 6.000 euroko isuna eskatu zuen fiskaltzak.

Epaiketan akordio batera iristeko proposamena egin zien fiskaltzak, Chez Belagua tabernan gertutako istiluengatik errudun azaldu eta indarkeria erabili izana onartu zezaten. Trukean, kartzela zigorra urte batera jaitsiko zieten.

Grebalariek «eskandalutzat» hartu zuten proposamena, eta ez zuten onartu. Eta, ohar baten bidez adierazi zutenez, denborak arrazoia eman die, fiskaltzaren akusazioa «erabat desmuntatu» baita epaiketan zehar, besteak beste, ezin izan baita argi eta garbi frogatu bost gazteen parte hartzea istiluetan.

Ondorioz, zigorra jaitsi behar izan dieten arren, akusatuentzat ebazpena «eskandalagarria» da. Poliziaren autoaren «kopia» bat dela salatu zuten, «datu subjektiboetan» oinarrituta baitago. Grebalarien arabera, foru polizia baten testigantza bakarrik hartu dute kontuan, nahiz eta deklarazioetan «kontraesanak» izan dituen.

«Gizarteak absolbitu gaitu»

Gauzak horrela, sententzia ez dutela onartzen adierazi zuten grebalariek eta epaileari «froga faltsuak» asmatu izana egotzi zioten. Ostera, pozik agertu ziren herritarren babes erakustaldiarekin, eta Nafarroako gizarteak dagoeneko «absolbitu» dituela azpimarratu zuten. Ildo horretan, jasotako ia 1.000 autoinkulpazioak eta azken hilabeteetako mobilizazioak ekarri zituzten gogora.

«Argi gelditu zaigu herri honetan `justiziak' bidegabekeriaren kontra protesta egiten duena zigortzen duela eta Yolanda Barcina eta gure pobreziaren lepotik aberasten den elitea babesten duela», bukatu zuten.

akusazioa

M29ko greban Estafeta kaleko taberna batean izandako istiluetan parte hartzea eta langileen eskubideak urratzea egotzi diete grebalariei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo