haur eta gazte literatura
Liburuekin jolastu (eta II)
Asun AGIRIANO
Uda-sasoian liburuak ikusi eta irakurtzeaz gainera, jolastu ere egin daitekeela erakutsi genuen uztaileko haur-literaturako iruzkinean. Oraingoan, kolorezko biribil xume batzuk aurkeztuta, eta irakurlearen partaidetza eskatzen duen testu baten bitartez, apustu arriskutsua bete du Herve Tullet marrazkilari frantziarrak Ttarttalo argitaletxeak kaleratutako «Liburu bat» izenburudun alean. Liburu bitxia eta ezohikoa, irakurketa plazer eta jolas bihurtua.
Biribiltxoak dira protagonista, baina irakurleari presentzia aktiboa eskatzen zaio. Orriz orri zirkuluak ukitu, igurtzi, putz edo txalo eginez gero, zer gertatuko den ikusiko dugu, liburu magiko baten aurrean baikaude, zeren biribiltxoak agertu eta desagertu egiten baitira, lekuz aldatu, handitu, eta ia ezkutatu. Liburu hau desafioa da, haurraren kuriositatea berehala pizten da. Kolorezko botoitxoren bat zapaldu, eta erantzuna hurrengo orrialdean agertzen da. Ezustekoak franko!
Hiru kolore nagusi dantzan: urdina, horia eta gorria. Fondoa zuria edo beltza, batzuetan biribiltxoek orri osoa hartzen dute, edo izkinatxoren batean zintzilikatuta geratzen dira. Jolas dibertigarria, zalantzarik gabe.
Haurraren jakin-mina piztu eta ekintza-bultzatzailea da liburu hau. Kontakizuna jarduerarekin dago lotua, eta gertaerak egindakoaren ondorio dira. Ikusteko liburua eta batez ere disfrutatzekoa. Ezinbestekoa haur eta helduen konpainia eta konplizitatea. Batak testua irakurtzen duen bitartean, besteak esana betetzen du. Amaieran, berriz hasi, eta paperak trukatzen dira. Tullet-ek sentiarazten digu sortzaileak geu garela, gu barik liburua ez litzatekeela izango liburu.
Helburua jolastea baldin bada ere, «Liburu bat»-ek didaktikoki balio ugari ditu. Artista izateko sena pizteaz gain, matematikako lehen kontzeptuak lantzeko bidea eman dezake: kantitatea, zenbakiak, espazioa, eskuma-ezkerra, konbinazioak... baina, batez ere, liburua haurraren jokoen lagun bihurtzen da. Berehala egiten zaigu gertuko. Behin eta berriz hasi, eta jolasa errepikatu nahi dugu. Haurraren begi kurioso horri deitzen dio.
Tullet-en liburuak, oro har, grafikoki liluragarriak dira. Esku artean dugun honek sari ugari jaso ditu, besteak beste, Andersen saria eta, 2011 urtean, Mountreuil-eko Liburu Azokan Ipad eta Iphone-erako «Un jeu» aplikazioari emandakoa (vimeo.com/25396517).
Hogei hizkuntza baino gehiagotara itzulita, pozgarria da oso euskaraz ere egotea. Horrela, bada, ondo pasa dezazuela!