AIZKORA
Gorako bidean lehen pausoa eman du Otañok
Jon LEUNDA
Eneko Otañok irabazi zuen atzo Aian Euskal Herriko Hirugarren Mailako lehen kanporaketa. Berarekin batera, Telletxeak eta Mieltxo Mindegiak lortu zuten finalean jarduteko txartela. Beizamakoa da maila honetan parte hartuko duen aizkolaririk gazteena, 19 urte bete berriak baititu, baina atzo garbi utzi zuen txapela lortzeko ere prest dagoela, eta etorkizunean oso kontuan hartzeko aizkolaria izango dela.
Hamar aizkolari lehiatu ziren, eta hiru multzotan banatuta neurtu ziren. Bakoitzak lau kana-erdiko erdibitu behar izan zituen. Lehen multzoan, Alberdi, Dorronsoro eta Mindegia neurtu ziren. Azken hau izan zen denetan onena. Miel Mindegia handiaren semerik gazteena lehen enborretik jarri zen lehenengo, eta azken partean apur bat sufritu behar izan zuen, baina garaipena eskuratu zuen, baita finalean sartzeko txartela ere.
Dorronsoro izan zen nafarra gehien estutu zuena. Behetik gora etorri zen, baina amaieran ezin izan zuen Mindegia harrapatu, eta ez zuen lortu ezta finalean sartzea ere. Azkena Julen Alberdi azkoitiarra sailkatu zen. Lehen aldiz plazaratu zen, eta horren ordaina jaso zuen. Hala ere, lan txukuna egin zuen, eta etorkizunean bera ere kontuan hartzeko modukoa izango da.
Bigarren multzoa izan zen denetan onena. Bertan, Eneko Otaño, Telletxea, Goñi eta Garcia aritu ziren. Otañok lehen enborretik hartu zuen aurre, nahiz eta Telletxea beti gainean izan zuen. Oso lehia polita izan zuten biek, baina amaieran Beizamakoa nagusitu zen, bai multzoan, eta baita amaierako sailkapenean ere. Dena dela, Telletxeak ere lortu zuen finala jokatzeko txartela.
Hirugarren txandan, Urteaga, Alkizalete II.a eta Intxausti neurtu ziren. Alkizaletek eta Urteagak borroka estua izan zuten, baina amaieran Asteasukoa gailendu zen, baina ezin izan zuen finala jokatzeko txartelik eskuratu. Beste hiru finalistak hemendik bi astera Lakuntzan jokatuko den kanporaketan erabakiko dira.
Ostegunean Donostian jokatuko den Urrezko Kopan, Unai Otaño ez da arituko, eta bere ordez Otaegi arituko da.