GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | Leitzako jaiak

Txupina piztu, eta Leitza festa bila zebilen jendez bete da

Jaiak hasita, herria bertako zein kanpoko jendez bete da. Larunbatak Leitzara erakarri zituen parrandarako gogoz zebiltzan gazte ugari, eta herriak festa giro ederraz erantzun zien. Ostegunera arte izango dira jaiak, eta Atekabeltz gaztetxeak ere egitarau oparoa osatu du.

p051_f02.jpg

GARA | LEITZA

Txupina lehertzearekin batera jaia hasi zela esatea ez da erabat zuzena, leitzarrak, itxaron ezinik, ordu batzuk lehenago hasi baitziren giroa berotzen, hainbat ekitaldirekin eta herri bazkariarekin. Hala ere, behin jaia ofizialki hasita, askoz jende gehiago batu zen festa girora.

Ohi den moduan, eta egitarau ofizialarekin batera, herriko Atekabeltz gaztetxeak ere hainbat ekimen antolatu ditu egunotarako. Duela gutxi ospatu zuten zortzigarren urteurrena, eta orain jaiei heldu diete buru-belarri, festa giroan gozatzeko hainbat aukera eskainiz. Iragan astean, Reparto Egunarekin batera, DJak izan ziren gaua girotu zutenak. Atzo aldiz, jaietan egoterik ez duten preso eta iheslarien omenez, Elkartasun Eguna ospatu zuten. Bazkaldu aurretik, manifestazioa egin zuten herriko kaleetan barrena, eta behin txupinazoa botata haien aldeko brindisa ere egin zuten. Manifestazioa amaitu, eta arratsalde eta gau luzerako indarrak hartzeko asmoz, betizu jatea prestatu zuten karrapeko herri bazkarirako. Bazkalordua Kuxkuxtu txarangak girotu zien gerturatutakoei. Gauean, era berean, euskabareta kontzertu-ikuskizuna izan zen Atekabeltzen.

Egunero izanen da festarako parada gaztetxean, eta gaua joan eta gaua etorri, musikaz gozatzeko aukera ere ez da faltako. Hala ere, hitzordurik esanguratsuena asteazkenean iritsiko da, Italiatik. Gaztetxeak antolatutako egitarauaren barnean, Talco ska taldeak joko du plazan. Salto eta dantza egitera behartuko du bertaratutako edonor.

Venezian jaio zen taldea 2003. urtean, eta urtebete geroago «Tutti Assolti» lehen diskoa argitaratu zuen. Ordutik Europako ska talde garrantzitsuenetakoa bilakatu da. Euskal Herrira hurbiltzen dira noizean behin, baina Alemanian dute beren jarraitzaile masarik sutsuena. 2009. urtean, St. Pauli futbol taldeko zaleekin Fanraume proiektuan parte hartu zuten. Alemaniako 2. mailan aritzen den futbol talde honek bere estatutuetan sinatuta du arrazismo, faxismo, sexismo eta homofobiaren aurkako jarrera.

Talcora itzulita, beraiek euren musika punk-chanka moduan definitzen dute, punk folk, klezmer, Balkanetako eta Italiako musiken nahasketa bat. Era berean, Mano Negra ezaguna ere izan zuten eredu bide honi ekin ziotenean.

Talcoren kontzertuaz behar bezala gozatu duen bati indarrak ongi erreko dizkio, baina ez festarako gogoa. Beraz, behin plazako saltoak amaituta, karro-karaokeak gidatuta, gaztetxerako bidea hartuko dute leitzarrek, gaueko parrandari bertan emateko segida. Modu honetan amaituko da Atekabeltzek 2013ko jaietarako prestatutako egitaraua, beste behin, modu autogestionatu batean, herritik prestatutako jaiak herritarrek goza ditzaten.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo