GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

manifestazioa donostian

EH Bilduk konponbiderako agenda partekatzeko prestutasuna azaldu du

«Sasi guztien gainetik Euskal Herria martxan» dela aldarrikatu zuten bi mila lagun inguruk Donostiako kaleetan barna. Aste Nagusiaren hasierarekin batera, oporrez gozatzen ari zen jende eta turista artean, Estatu espainolaren eskaintza «zentralista, ustel eta neoliberalaren» aitzinean gatazka konpontzeko agenda baduela eta konpartitu egin nahi duela agertu zuen EH Bilduk.

p006_f02.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Borbor egiten zuten Bulebar inguruko kaleak bezala, Euskal Herria ere bizi-bizirik eta martxan dela erran nahi izan zuten ozen EH Bilduk deitutako manifestazioan parte hartu zuten lagunek. Donostiako Aste Nagusiaren ataria izanik, denetariko jendea zebilen harat-honatean. Kanoikada ordu gutxira botako zuten, bestarako irrika sumatzen zen, eta urtero bezala, jaiak eskua luzatu zion aldarriari.

EH Bildu koalizioa osatzen duten lau alderdietako ordezkariak jarri ziren pankartaren buruan: EAko Iñaki Ostolaza, Pello Urizar, Lohizune Txarola eta Alberto Unamunzaga; Sortuko Marian Beitialarrangoitia eta Joxean Agirre, Aralarko Ernesto Merino eta Rebeka Ubera, eta Alternatibako Jon Albizu eta Xabi Soto, bertzeak bertze. Horien gibeletik, 2.000 pertsona inguru: familia osoak haur kotxeekin, ur botilak eta txapelak hartuta eguzkiari aurre egiteko, hainbat herritatik etorritako gazteak, jende heldua...

Arratsaldeko bostak baino beranduxeago abiatu zen martxa. «Sasi guztien gainetik Euskal Herria martxan» leloa idatzita zeraman oihala zabaldu eta udaletxe ondoan bertan ematen ari ziren kontzertu baten ondotik igaro ziren. Bizikleta aunitz zegoen, turista gehiago eta kazetariak ere dezente. Independentziaren aldeko aurreneko garrasiak aditzen hasi ziren eta emakume atzerritar batek ikusten ari zena zer zen galdetu zuen. Batez ere «Presoak kalera, amnistia osoa!» eta «Euskal presoak, etxera!» oihuekin jarraitu zuten manifestariek. «Borroka da bide bakarra!» ere aditu zen.

Gazteak laranjaz

Hernani kaletik Alderdi Ederrerantz, terrazetan zerbait hartzen zegoen jendearen aitzinetik, indartsu oihukatzen zuten, txaloz lagunduta. Miramar kaletik San Martinera eta handik Artzain Onaren katedralera jo zuten. Laranjaz jantzita, harresi txiki bat osatzen zuten bertan gazteek. «Ez, ez, ez, epaiketarik ez!» aldarrikatzen zuten, eta manifestariek «aupa zuek!» animatzen zituzten.

Irailaren 1ean, estropaden lehen egunean, 12.30ean Donostiako kaiko karpan jarri dute hitzordua Eleak mugimendukoek, traineru laranja babesteko, eta honen inguruko informazioa ematen zuten orriak banatzen zituzten mobilizaziora batzearekin batera.

Espaloi ertzean familia eta lagunak zain ikusten ziren manifestazioan sartzeko. Kalez kale gero eta potoloagoa zen jende ilara eta gero eta ozenagoa aldarrikapena.

Etxaide kalean barna, ertzainen bost furgoneten argi urdinak aitzinean, Okendo plazara iritsi ziren. Hantxe zuten muntatuta ekimenari bukaera emateko agertoki bat, manifestazioaren lelo berarekin. Jendea pixkanaka-pixkanaka ailegatu eta palmeren altzoan berotik babesten zen bitartean, Joxean Agirre bozeramailea agertokira goititu eta han egon zen geldirik minutu batzuez, mikroari eskuekin heltzen ziela. Eta palmeretatik herritarrak adi-adi begira, hitzaldiaren zain.

«Sasiak ez dauka presarik, batere ez, pazientzia soberan dauka eta bere garaia helduko dela uste du», hasi zen Sortuko Gipuzkoako koordinatzailea. Adierazi zuenez, «espainiartasunaren sasia aspaldian dago gure baso zein kaleetan, baina batez ere aspaldi dago sartua gure jardun politiko eta instituzionalean». Baina ziurtatu zuenez, EH Bilduk badu gatazkaren konponbiderako agenda, badu politika antisozialei aurre egiteko agenda soziala eta erabakitzeko eskubidea praktikara eramateko agenda nazionala, eta honekin batera, agenda eta gogoa konpartitzeko prestutasuna.

jone artola

Ekitaldian musu handi bat bidali zioten Bilboko txupinera izatea ukatu nahi dioten Jone Artolari, eta Donostiako txupinera ere badela erran zuten. Txaloz lehertu zen momentu horretan Okendo plaza.

«ondo goaz»

Bertze txalo zaparrada bat eskaini zieten egunero instituzioetan «eredu desberdin bat posible dela frogatzen duten» militanteei. «Ondo goaz», animatu zuten. Fiskalitate aurrerakoia aipatu zuten, klausula sozialak obra publikoetan, Zubietako erraustegia gelditu izana...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo