GARA > Idatzia > Kultura

udate | ipar ekhian

Pianoaren melodia

 

Jon GARMENDIA | Idazlea

Mixeriarik gorriena pairatzeak kolore beltzeko bilakatzen du bizitza. Hala pentsa zezakeen Billyk goiz hartan, esnatu, eta hozkailuari behatua eman bezain laster, Spokaneko etxean gosaltzekorik ere ez zeukatela ikusi zuenean. Eri zen, baina ez zuen nahi bere gorputza artatuko zuen medikua etxera etortzerik. Sendagilearen aitzinean biluztuz gero, dena amaituko baitzen beretzat. Urte luzetan gorde zuen sekretua, Dorothy Lucille izenarekin sortu zelako Oklahoman, baina bera, Billy Tipton zen, jazz musikari aparta, eta hil arte mantendu nahi zuen hain ongi ezkutatutako sekretu hura. 74 urterekin urrun gelditzen zitzaizkion nerabe zeneko garaiak, urrunago, amak, musika klaseak eman zizkionekoak, baina nerabe zelarik bilakatu ziren saxofoia eta pianoa bere pasio eta bizimolde. Depresio Handiaren garaiak ziren Ameriketako Estatu Batuetan, eta emakume batek zaila zeukan edozein lanposturen eskuratzea, gainera, musikari izatea debeku bat zen. Honela, Dorothy Lucille, Billy bilakatu zen. Galtzak, gorbata eta zola handiko zapatak janzten zituen, gerruntze bat zeraman bere bularrak ezkutatzeko, eta denborarekin, gizonen gestu, ahots eta ibiltzeko manerak kopiatu zituen. Nehork ez zuen nehoiz emakume bat zenik jakin. Ez eta intimitatea partekatu zuen bost emakumeek ere, haietako hirurekin elkarbizitzen egon zen, eta sexu harremanak ukaiterakoan, haien aitzinean ez biluzteko, auto istripu baten aitzakia erabiltzen zuen Billyk. Nehoiz ukan zuten maitalerik onena zela adieraziko zuten gero haietako bik. Gaur, «Sweet Georgia Brown» bere diskoa entzuten ari nintzela, Billy irudikatu dut, bizitza bikoitz horretan punta ateratzeko gai anitz daudela pentsatuz, eta 1989ko neguan azken arnasa eman aitzineko memento horietan, piano zaharraren aitzinean eserita ikusi dut, bere sekretuari eutsi izanak eragindako irriñoarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo