UDATE | kronika: kanoikada donostian
Festarako borondaterik ere ez da falta donostian
Urduri, oso urduri zeudela aitortu zuten Aste Nagusian musu truk lanean aritzen direnek. Haiek ziren Aste Nagusiari hasiera ematen dion «Artillero dale fuego» kantua abestearen arduradunak. Txukun aritu ziren, irribarretsu, eta amaitu aurretik ekin zioten jira eta dantzari, festarako lanerako bezainbesteko borondatea dutela agertuz. Jaia ez zen hasi: eztanda egin zuen.
Amalur ARTOLA
Arratsaldeko lehen ordutik bildu zen jendea Alderdi Ederren ezarritako barandaren bueltan, hari gogor heldu eta Aste Nagusiaren hasiera leku pribilegiatutik ikusteko asmoz. Goizeko lehen orduko eguraldi bustiak eguzkiari bidea ireki ziola-eta gustura ageri ziren gehienak, baina bero lamadarekin kexu zenik ere izan zen. Batzuek esku-orriekin abaniko inprobisatuak sortu zituzten, beste batzuk buruan txanoak eta esku-zapiak jarriz babestu ziren eguzkitik eta izan zen goizean euritarako erabilitako aterkiari eguzkitako funtzioa egokitu zionik ere.
Jaiei hasiera ematen dien kanoikadarako ordu erdi falta zenerako lepo zegoen lorategia, eta udaletxearen atarian paratutako Donostiako lau banderak airearen erritmora mugitzen ziren artean azaldu ziren jaien hasierako protagonistetariko batzuk: Gastronomiako Euskal Kofradiako Ohorezko Batailoia. Jantzi dotoreak soinean eta Donostiako ospakizunetan sekula falta ez diren danbor hotsen soinuak lagunduta.
Hala zeudela, eta jaien hastapenerako ordu erdi eskasen faltan, hasi ziren kanoia kargatzen. Napoleonen garaiko kanoi hori hainbat gerratan ibilia da eta, Kontxako badian hondoratu ostean, 1945ean berreskuratu eta 90eko hamarkadatik bera da Aste Nagusiari hasiera ematen dion kanoia. Aurten, hiriaren suntsiketatik berrehun urte bete direla oroituz, udal ordezkariek «gerra eta suntsiketa ekarri zuen kanoi hau beste era batera erabili eta festa zabaltzeko» erabiltzeko asmo berezia dutela iragarri zuten.
Ez zen hori izan, ordea, Udaletik egin nahi izan zuten adierazpen bakarra. Kanoikadarako minutu batzuk falta zirenean, Juan Karlos Izagirre alkateak hitz batzuk izan zituen asteazkenean Paseo Berrian zendu zen hogei urteko gaztearentzat. «Gertaera tristearekin hasi dugu astea eta hori gogoan izan behar da», azaldu zuen.
Borondatezko langileen unea
Festetara itzuliz, Izagirre pozik azaldu zen Donostiako jaiak «gero eta parte-hartzaileagoak» direlako, eta alde horretatik, «adierazgarritzat» jo zuen aurten «Artillero dale fuego» abestia jaien alde borondatez lanean aritzen direnek kantatu izana: «Orain hemen ikusten ditugu, baina urte osoan zehar aritzen dira lanean, ikusten ez baditugu ere. Haiek gabe ezinezkoa litzateke hau guztia aurrera eramatea. Gaur ikusgai egingo ditugu eta espero dugu eurentzat egun handia izatea».
Haien lana txalotzeaz gainera, jaiak aurrera eramaten laguntzea «jaietan parte hartzeko beste era bat» dela argudiatu zuen alkateak eta «egungo gizartean» musu truk bere laguntza eskaintzeko jendea aurkitzea uste baino zailagoa dela gaineratu zuen: «Ez da horren erraza laguntzeko prest dagoen jendea aurkitzea eta horregatik da txalogarria egiten duten lana». Amaitzeko, donostiar zein kanpotarrei mezua helarazi nahi izan zien: «Eguraldiak laguntzen ez badu, lainoek ez dezatela festarako grina zapuztu!».
Festa lehertzeko hamar minutu falta zirenean kokatu ziren, txukun-txukun, jaiei hasiera ematearen arduradunak. Soinean jaietako kamiseta zeramaten, atzean «Boluntarioa» izenaz, euren zereginaz harro dauden adierazle. «Urduri, oso urduri gaude!», azaldu zuten. «Egun handia da eta apur bat bitxia ere bai, oraingo honetan gu garelako omenduak», zioen beste batek. Aurretik entseguetan aritu direla aitortu zuten eta amaitzean «afariren bat edo» antolatu beharko zutela-eta txantxetan aritu ziren, «lan hori oso ondo egiten dugu-eta!».
Umoretsu agertu ziren guztiak, eta aginduarekin batera, ekin zioten «une handiari»: elkarri helduta eta musikaren erritmora alde batera eta bestera balantza eginez abestu zuten «Artillero dale fuego». Inongo unetan ez zuten ekitaldiaren lehen unetik ahoan zuten irribarrea kendu eta entseguek zerbaitetarako balio izan zutela erakutsi zuten. Baita lanerako ez ezik jairako borondaterik ere ez zaiela falta ere: abesten ari zirela, derrepentean, ilara txukunetik irten eta dantzari ekin zioten haietariko batzuek. Bikoteka irten ziren eta, tartean, udal ordezkariren bat ere animatu zen beraiekin dantza egitera, alkatea tartean. Atzealdean, gainerakoek gogoz jarraitu zuten abesten.
Eta halaxe iritsi zen ekitaldiko beste une handia, kanoikada. Luis Mokoroak 21.ez eman zion su 300 kiloko tramankuluaren metxari eta, zaratak ingurumariak hartzen zituen artean, Alderdi Ederren eztanda egin zuena festa izan zen: lorategietan batukada eta dantza lehertu ziren, udaletxeak eta Bulebarrak bat egiten duten puntuan musika kontzertua abiatu zen eta Hernani kalea buruhandi eta erraldoiek hartu zuten.
Boluntarioek besoekin olatua egiten zuten artean lau eskopeta deskargak iragarri zuten jaia dagoeneko abiatua zela eta Mokoroak, bere aldetik, ondo pasa eta dibertitzeko deia egin zien guztiei, «denentzat baitago zer ikusi eta irten gaitezen denok kalera!».
Eta hemendik aurrera zer? Mende erdi betetzen duten su-festak, kontzertuak, gastronomia... 350 ekitalditik gora, norberak bere txokoa aurki dezan. Aste Nagusian su-festek eta izozkiek ezin dutela huts egin esan ohi da baina, ikusitakoak ikusita, parte hartzeko nahi eta era ezberdinek ere lekua izango dutela ezin ukatu.