GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | IZOZTEKO ADINA, Harkaitz Cano

Talde antolatu baten lana

Basque Memory Centerren egin den lapurreta ez da bakarra izan: oroitzapen banku askotan izan dira erasoak. Bien bitartean, sylesiarrek jarraitzen dute jaun eta jabe Baobil-eko (lehen Bilbao) zeruan... Ba ote da loturarik bi gertaeren artean?

Ez da Euskal Protektoratuan soilik gertatu lapurreta: albist-hariak dioenez, 2108an Bruselako sutunpa-tren geltokiko atentatuan hildako berrehun gizon-emakumeren oroitzapenak desagertu dira Hagako memogunetik, tartean umeenak ere bai. Merkatu beltzaz hitz egin da hasieran, bai, baina indarra hartzen doa apurka-apurka talde antolatu baten lana ote den kontua. Bildumatzaile memojunkie pribatuek ez zuten halako modu masiboan jokatzen. Ez da haien modus operandia.

MIT bezalako unibertsitateetan -Euskal Protektoratuko unibertsitateak ez dira, lotsagarriro, munduko 200 onenen zerrendatan sartzen- artifizialki eta sailean sortutako memoria sintetikoekin ari dira lanean. Edota aspaldian hildako gizon-emakumeen memoria birsortzeari buruz ikertzen (nola berreskuratu, adibidez, Jack The Ripper-en oroitzapenak haren material genetikotik eratorrita, material hau kaltetuta egonagatik). Horregatik du berebiziko garrantzia memoguneetako materiala ongi gordetzeak. Emozio gogorrak bilatzen ditu jendeak. Hori gizakiak bere genetan daukan zerbait da, nonbait, eta bada hiltzaile baten oroitzapenak zainetan barrena ziztatzeagatik edozer emango lukeenik, «zer sentitzen den jakite hutsagatik». Eta zer esanik ez garaikideak diren larru-jotzaile puntakoenen kasuan -porno izarrak izan ala ez- haien oroitzapen sexualen lagapen eskubideak oso izan dira preziatuak, bai merkatu arautuan, eta baita merkatu beltzean ere. Baina ez da Basque Memory Centerren kasua, ezta urrik eman ere.

Oroitzapenek sortzen dituzten etekinak arautu eta pirateriari aurre egiteko sortu da Oroitzapenen Egile Eskubideen kudeaketarako erakunde berri bat, IMERIMA izenekoa (International Memory Rights Management Association). Badago, honenbestez, norberaren oroitzapenetan murgilduta bizi beharrean, beraren oroitzapenek sortutako egile eskubideei esker bizi denik -beste batzuek, aldiz, Creative Commons lizentziapean funtzionatzen dute-. «Oroitzapenak, nork bereak izan beharko lituzke, besterenezinak dira», hala uste zuten XXI. mendean. Gauzak asko aldatu dira geroztik.

Bip-bip, albisteak ari dira iristen, apurka-apurka, Lakuako planetariumera.

Mustafa Bergara izan da Abduli berriak helaraztearen arduraduna. «Profesionalak dira, sylesiarrak... Ez da Euskal Protektoratuan eta Hagan only izan: Memory Center pila bati eraso diote, a bunch of them, aldi bereko eraso surprisen bidez: Mosku, Milan, Berlin, Boston, San Frantzisko... Nonahi daude sylesiarren ontziak: Grand Central-en, Victoria Station-en... Damn it! Nola ez ote ditugu bi gertaerak hasieratik linkatu? Ez dira Komando Autonomoak izan...».

-Strange, though... Sylesiarrek Nikaraguako hacker-gerrillekin zerikusia dutela uste da... Washingtonek ez die haien ontziei eraso?

-Many interest dituzte Behe Sylesian. Ez zaie komeni. Besides, aurreko presidente amerikarra erdi sylesiarra zen jatorriz. Garagardo-lurrin musugorrien lurraldea, Sylesia... you know...

Lehenago ere izan dira halako eskandaluak. Bere oroitzapenak diru-truk saltzen dituen jendea. Eta ez garapen bidean dauden asteroideetan bakarrik, baita gure artean ere. Baina halako lapurreta masiboen aurrekaririk ez zegoen. Hau gehiegizkoa izan da. Euskal Protektoratuan bakarrik ez, Europa osoan gertatu dira lapurretak, beraz. Eta Sylesia planetako biztanleak izan dira memoria horretaz jabetu direnak. Luze gabe aldarrikatu dute komunikatu batean. Agerraldia, lege zaharrekoa: hiru komandokide aurpegiak pixelkaputxatuta eta mahai batean jarrita, atzean Sylesia Askearen bandera dutela. Sablea eta muskerra, berde eta zuri, lau hostoko hirustaren gainean.

«Sylesia Askatzearen aldeko Mugimenduak (SAM) ez du soilik Sylesia askatu nahi. Ameuropa guztia esnarazi nahi du bere lozorrotik. Gure gain hartzen dugu memoria lapurreta. Eta horregatik, hainbat hiritan gordailatutako memodosi bahituak doan banatuko ditugu euren herriaren benetako historia berreskuratu nahi dutenen artean. Sylesiako Armadako kideok ere memodosi horiek ziztatuko ditugu geure larruan, eta agente bikoitz gisa infiltratuko gara lurralde ezberdinetan, geure lanarekin jarraitzeko. Jakinaren gainean zaudete!»

Ohiko gerra oihuekin amaitu zen komunikatua: «Gora Sylesia askatuta!»

«Gora!»

«Gora Ameuropa libre eta sozialista!»

«Gora!»

Komunikatua irakurri ondoren desagertu egin dira haien ontziak: Grand Central Stationetik, Guggenheimeko sutunpa-tren geltokitik, Victoria Stationetik..., zeuden toki guztietatik lekutu dira. Memodosien euritea izan da gero hirietan, Eremu Babestutik kanpo. Policefriendek konfiskatu egin dituzte dosietako asko, baina beste hainbat biztanleriaren esku geratu dira. Nahaspilaren erdian, dealer-ak garaile, oraingoan ere.

«Arazo bat gutxiago, what´s next?», esan du Abdul Gerrikagoitia lehendakari xaloak.

«Arazo bat gehiago, you bastard!», pentsatu du Mustafa Bergarak.

Abdul Gerrikagoitia Mekara begira jarri eta errezatzen hasi da. Mustafa Bergarak Nikkei indizean dauka begi bat. Bi ehuneneko galdu ditu CAF&KA korporazioak.

«Fuck them all», xuxurlatu du bere kolkorako. «Eta gainera, astebete baino ez da falta Izozte Aktaren erreferendumerako...».

... biharko kapitulua:

IZOZTE AKTA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo