GARA > Idatzia > Euskal Herria

Heriotza mehatxuak, zehatzagoak, jaso dituzte berriro Baztango zein Elizondoko alkateek

GARA |

Pasa den astean Baztango eta Elizondoko alkateek eskutitzen bidez jasotako heriotza mehatxuen berri izan zen, eta agerraldia egin zuten hori salatzeko asmoz. Orain, bigarrenez talde berberak sinatutako gutunak heldu dira Baztango Udalera, mehatxu berdinak baina zehaztapen handiagoz eginez.

EH Bilduk jakinarazi duenez, «beraiek jarritako baldintzak bete ezean, abuztuaren 26tik aurrera heriotza mehatxuak betetzeko duten borondatea» adierazten dute gutunok.

Agrupacion de Nacionalistas Navarros deitutako taldeak sinatzen ditu. Horietan ikurrina debekatzeko asmoa duen Ikurren Legea betetzeko eta jaietan inolako aldarrikapenik ez egiteko exijitzen dute bidaltzaileek. Garbiñe Elizegiri eta Mikel Sobrinori helarazi dizkiete.

«Oso larriak dira mehatxu hauek -berretsi du EH Bilduk-. Uste dugu, gainera, muturreko mehatxu faxista horiek ez ditugula gertakari isolatu gisa hartu behar, Espainiako Estatua eta UPN zein PP alderdiak EH Bildu eta oro har sektore subiranisten aurka elikatzen ari diren jazarpen politikaren ondorioa direlako».

Besteak beste, Carlos Urquijo eta Carmen Alba espainiar ordezkarien jarrera ekartzen dute gogora, baita Auzitegi Nazional espainoleko ebazpenak edota «etenik gabeko presio polizial eta judiziala...» ere.

«Ez gara isilik geratuko»

Agerraldia egingo badute ere, bere erantzuna aurreratu du koalizioak: «Mehatxu guzti hauek ez gaituzte makurraraziko. Segituko dugu herritarrekin hartua dugun konpromisoari ekiten, Euskal Herri osoarentzat demokrazia, burujabetza eta aldaketa soziala irabazi arte». Honekin batera, «ez gara isilik geratuko», erantsi dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo