UDATE | Portugaleteko jaiak
Etenik gabeko lau egun Portugaleteko jaietan
Iluntzean hasiko dira Portugaleteko sanrokeak, eta, larunbatera artean, diana arrakastatsuaz, San Roke eta San Roketxu egunetako jaitsierez, nasapuntakoaz eta beste hainbat jardueraz gozatuko dute herritarrek. Urtez urte, gainera, kuadrillek berrikuntzak sartzen dituzte egitarauan.
Jonebati ZABALA | PORTUGALETE
Gaur hasiko dira Portugaleteko patroiaren jaiak. Iluntzean, 20.15ean, pregoilariaren, txupineroaren eta txupinera txikiaren artean San Roke jaiei hasiera emango diete. Herriko Deportiva Nautica klubaren izenean, Alfredo Melendezek irakurriko du aurtengo pregoia. Orain dela 100 urte jokatu zuten lehen waterpolo partidua Portugaleten eta mendeurrena ospatzeko izendatu ditu pregoilari Udalak klubeko ordezkariak. Gertakari historiko hori gogoan, waterpolo partidua antolatu zuten atzo errekan, Ezkerraldeko herrian waterpoloan aritutako herritar guztien omenez.
Portugaletekoa izanda, «pozik eta harro» dago Melendez, hainbeste pertsonaren aurrean hitz egitea erraza izango ez dela badakien arren. Pregoi laburra egingo du: «Jendea une horretan ez dago hitzaldi luzeak entzuteko prest, festa hasi nahi du eta aurrera!». Waterpoloak Portugaleten izandako historiaren gaineko xehetasun batzuk eman ondoren, jaiak goraipatuko ditu pregoilariak. Diana, danborrada, San Roke eta San Roketxu egunetako jaitsierak, bandaren kontzertua... ditu bereziki gustuko Melendezek: «Horiek dira jaietako oinarria. Ekintza tradizionalak berrikuntzekin uztartuz joan dira, eta portugaletetar guztien lana izan da hori».
Kuadrillek aukeratzen dituzte txupineroa eta txupinera txikia. Maitane Costoyak ordezkatuko ditu San Roke hauetan herriko umeak. Angelman sindromea izeneko gaixotasun arraroa du Maitanek, eta jaietan gaitz hori ikusgai egon dadin nahi izan du bere amak, Izartu Caminok: «Nahiz eta ezin duen hitz egin, oso alaia da, eta bere irribarre etengabearekin erantzungo du une oro; pozik dagoela erakusteko duen modua da».
Jaietako ikurrak
Bakailao eta jota txapelketetako sari banaketetan, jaitsieretan, Jarrillaren erretzean... Ekitaldi gehienetan egon beharko dute presente jaietako «ikurrek», beraz, Maitane txupinera txikia eta Arregüeia kuadrillako Javier Carnicero txupineroa alde batetik bestera ibiliko dira lau egunez. «Beste ikuspuntu bat da, jaiez disfrutatzeko modu ezberdina, jaiak barrutik bizi eta ekintza gehienetan parte hartzeko aukera», azaldu du Carnicerok. «Poztasuna eta harridura» sentitu zuen izendapenaren berri izatean, baita erantzukizuna ere, jaietako pertsona garrantzitsua baita txupineroa.
Guztira 40 kuadrilla inguruk hartzen dute parte Portugaleteko jaietan: «Aurrekontu murritza badugu ere, jarraitzen dugu ekintzak antolatzen eta parte hartzea bultzatzen». Betiko ekintzez gain -jaitsiera, bazkari herrikoia edota irrintzi lehiaketa-, berriak ere sartzen dituzte egitarauan -balandroen estropada, jinkana, karaokea edota playbacka-.
Festek lau egun baino ez dituzte irauten, hori dela-eta, aurreko asteburua aprobetxatuz, kuadrillek luzatu egin dituzte aurtengoan, «aurrefestak» antolatuz. Horrenbestez, La Canillan hamahiru txosna daude iragan ostiraletik.
Jaietako aurrekontua %10 murriztu du aurten Udalak, eta egitarauko ia 120 ekintzak mantentzeko «ahalegin handia» egin dutela adierazi du jaietako zinegotziak. «Ume, gazte zein helduentzako egitaraua» prestatzen saiatu dira.
Nagusien kontzertuak San Roke plazan egingo dira, eta, gazteenak, La Canillan, 23.30ean. Gaur, Orquesta Atlanta eta Fermin Muguruza; bihar, Golden Apple Quartet eta Efecto Pasillo.
Karlos VII. kalea itxi egingo dute jaietan haurrentzako parkea jartzeko. Gaur eta bihar egongo da zabalik, arratsaldez. 12 urtetik aurrerako gaztetxoentzat, berriz, 1 Formula edota rolling xtreme simulagailuak egongo dira Merkatu plazan 15ean, 16ean eta 17an.
Gaur, txupinazoaren ostean, danborrada izango da Udal Musika Bandarekin. Jarraian, gazte askok gaupasa egingo dute goizeko zortzietan Solar plazatik abiatzen den dianara joateko. Jende piloa biltzen da tradizio handia duen hitzorduan. Bihar, bakailao pil-pil erara prestatzeko lehiaketa, Erdi Aroko azoka eta itsasadarrean egiten den nasapuntakoa izango dira. Iluntzean, kuadrillek IX. Playback Txapelketa antolatuko dute. Txosnetan, berriz, mozorro eguna izango da. Gaia: hondartza.