Zerga bilketa bidezkoagoaren emaitza onak
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunen zerga bilketek emaitza desberdinak agertu dituzte. Hiru ogasunek egin dituzte balorazio positiboak, ohikoa denez, baina datuek ez dituzte balorazio horiek era berean babesten. Batzuetan, datuak okerragoak izan zitezkeela eta hoberako joera espero dutela esatera mugatu behar du balorazio positiboak, Arabako Aldundiaren kasuan bezala. Izan ere, herrialde horretan, urteko lehen zazpi hilabeteotan bilketak %0,08 egin du behera, hau da, «aurreko ekitaldiaren berdintsua» izan da bilketa Aldundiaren arabera; urte honetarako aurreikusitako %2,8 emendatzeari begira, gainera, «baikor» da Aldundia. Bizkaian, berriz, datuek benetako igoera erakutsi dute zerga bilketan. Azken zazpi hilabeteotan %3,1 gora egin du, zenbait zergatan desoreka sumatzen bada ere, Pertsona Fisikoen Errentaren zein Sozietateen gaineko zergen diru bilketek behera egin dute-eta. Are hobea izan da Gipuzkoako bilketa; izan ere, ehunekotan ez ezik, goranzko joera zerga garrantzitsu gehienetan ere gertatu da. Zerga bilketa metatuak gora egin duen %3,9 hori ia-ia 2013ko aurrekontuetan ezarritako helburuetara iristen da, Batzar Nagusiek %4ra iristea onartu baitzuten. Egoera ekonomikoak erlatibizatu egiten ditu datu horiek, jakina, baina hari eraginkortasunez aurre egiteak nabarmen uzten ditu edozer -kudeaketa bidegabeak barne- zuritzeko argudio gisa egoera erabiltzen dutenak.