GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Garazi Askazibar, Ekai Prieto | Kaskagorri konpartsaren izenean

Elkarrekin alternatibei ekin

Aste Nagusian beste Bilbo bat islatzeko unea dugu. Gazteok ere leku garrantzitsu bat dugu momentu horretan, Kaskagorrin. Ez dugu Azkunaren Bilbo eredua nahi. Hamaika tresna sortzen ari gara hau eraldatzeko eta guztiek dute kabida Kaskagorrin

Zain gaude milaka pertsona. Badakigu laster iritsiko dela, badatorrela. Nabaritu egiten dugu Bilboko kaleetan. Urduritasuna, mugimendua eta zurrumurruak. Duela egun gutxi arte turistek eta Santiago bidea egiten dauden motxileroek hartutako tokia berreskuratu dugu soinean arnesak, arropa erosoa eta denetariko tramankuluak daramatzagun konpartserook. Aldamio barrak behetik gora eta albo batetik bestera, janari eta edari hornitzaileei azken orduko eskariak egiteko telefono dei astoratuak, kolorez jantzita mezu desberdinak pintzeletatik mundura zabaltzen dituzten panel erraldoiak, musika proben eta barre algaren zarata... Bilbotarrok Udalak lapurtu nahi digun espazioa berreskuratu eta gure beharrak asetzekoa sortzen dugu txosna erraldoien bidez bederatzi egunetarako, Marijaiarekin, Aste Nagusian, bakarra munduan.

Azkunaren Udalak postaletarako Bilbo nahi du, erakuslehio hutsa: etxetik lanera, lanetik erosketetara eta erosketatik berriro etxera doazen hiritarrak, hori da munduko alkaterik onenaren Bilbo. Munduko alkateentzat eredu den hiria, Espainiako Erregea, Guardia Zibila eta Armada kaleetatik gustura mugituko diren hiria. Iberdrola, BBVA eta Guggenheimeko enpresariek hiriko txokoak parez pare irekita izango dituztena. Gaztelania, ingelesa, frantsesa eta bestelako hizkuntzek euskararen gainetik lehentasuna izango duten hiria.

Baina postalek ez dute egunerokoan inguratzen gaituen Bilboren gabeziarik islatzen: merkatu horretan lehiatzeko gai ez diren auzoetako denda txikien itxiera, langabezia tasa ikaragarri altua, euskaraz bizitzeko traba etengabeak, gune ilunak, gazteontzako aisialdirako eskaintza kontrolatu eta mugatua, kalean egon eta kaleok aske erabiltzeko debekuak, eraikin hutsak, etxebizitzak pribilegio bihurtzen dituen politika espekulatzailea... Hori dena ez da postaletan agertzen. Turistek ere ez dute ikusten hemen igarotzen dituzten egunetan; errealitatea ezkutatzen diete. Baina guk bai. Guk ikusten dugu. Lanbide aurrean ilara amaigabeetan orduak igarotzen ditugu, kaleak hutsik  dauden bitartean aisialdirako tabernak eta lokalak baino ez ditugu, kaleko saltzaile denak korrika batean jasotzen eta ihes egiten ikusten ditugu, gure bizitza lanera edo ikasketetara mugatu dadin nahi dute, gure gaztetxeak etengabean ixten dizkigute eta kale ilun eta bakartietatik ibiltzean beldurra sentiarazi nahi digute!

Hiri eredu hori ez da gazteon Bilbo. Horregatik, beste hiri eredu baten eraikuntzan lanean dihardugunok gara Kaskagorriko konpartserook. Harremantzeko, ahaldundu eta aske izateko, aisialdiaz beste modu batez gozatzeko espazioak sortuz, gaztetxeak okupatuz, kritikotasuna garatuko duen hezkuntza formal zein informal baten eraikuntzan, etxe hutsei bizia eman eta alternatibak bilatzen, gune ilunak argitzen eta koloreztatzen, erasoei aurre egiteko autodefentsaren inguruko jakintzak zabaltzen, beste kontsumo eredu batzuk aztertzen eta praktikan jartzen... Ehunka gara beste Bilbo horren alde konprometitutako gazteok, bakoitza bere esparruan eta ezinbestean elkarlanean.

Aste Nagusian, adibidez, beste Bilbo bat islatzeko unea dugu. Gazteok ere leku garrantzitsu bat dugu momentu horretan, Kaskagorrin. Ez dugu Azkunaren Bilbo eredua nahi. Hamaika tresna sortzen ari gara hau eraldatzeko eta guztiek dute kabida Kaskagorrin. Aisialdi, jai eta bizi eredu alternatiboak ikasturteko borroka ezberdinekin uztartzeko eremu bat da Kaskagorri. Aste Nagusian dozenaka eragile, ehunka gazte eta milaka herritar batzen gara bestelako Bilbo baten alde txosnen inguruan. Udalak desagerrarazi nahi duen jai ereduaren aurrean altxatzen den herri harresi bat gara. Partaidetzan oinarritutako Aste Nagusi euskaldun eta parekide baten defentsan zutitzen den hiri bat gara. Erasoei aurre egiteko elkarrekin besoak altxa eta aurre egiteko prest dagoen mugimendua gara.

Eta horrela, Marijaiarekin batera, besoak altxatuz, urrats bat emango dugu aurrera, eta beste bat, eta beste bat... Bilbo geurea delako, bertan ikasi, lan eta bizi garen herritarrona eta ez banku, enpresa, espekulatzaile, inposatzaile edota erasotzaileena. Gurea da eta guk eraikiko dugu. Koloretsua da gure Bilbo, euskalduna, anitza, irekia, alaia, parte hartzailea, feminista, solidarioa eta askea. Denon artean egiten ari gara, batera. Elkarrekin ez dugulako beldurrik. Gaur arnesa, arropa erosoa eta panel zein aldamioak soinean hartuta, bihar puntala eta brotxarekin eta etzi batek daki zerekin. «Dragoi Bola»-ko lagunek dioten bezala, ekin gazte bideari, elkarrekin ez da beldurrik!

PD: Zaindu dezagun maite dugun hori. Musu gaiztoa Joneri. Txupinera aurrera! Gora Marijaia!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo