GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Nekane Perez Irazabal, Bakartxo Ruiz Jaso | Aralar-NaBai taldeko eta Bildu-Nafarroa taldeko parlamentariak, hurrenez hurren

Bekak ala «wertkak»?

Giza duintasuna, horixe da hain zuzen ere, benetako bikaintasuna. Eta berau eskubide unibertsalak bermatzean datza. Dekretu kolpez lapurtzen ari zaizkigun eskubide horiek

Argitaratu da, azkenean, heldu den ikasturterako bekak eta ikasteko diru-laguntzak arautzen dituen Erret Dekretua. Batzuk zain geunden aspalditik... Ezustekorik ez dugu hartu, ordea. Izan ere, Alderdi Popularrak abian jarri duen hezkuntza politikan beste urrats bat besterik ez da.

Erret Dekretuak, hastapenean, beken eta ikasteko diru-laguntzen sistema justifikatzen du. Bertan esaten du edozein pertsonak hezkuntzarako aukera berdintasuna izan dezan bermatzeko, oztopo sozioekonomikoak gainditzea ezinbestekoa dela eta horixe dela, hain zuzen, beken sistemaren funtsa. Horixe da, beraz, egin beharreko galdera, ea Wert ministroak proposatzen dituen beka hauek, «wertka» hauek, helburu horri erantzuten dioten. Geure erantzuna argia eta tinkoa da: EZ. Arestian esan dugun bezala, planteamendu honek bere politikaren jarraipena dakar, LOMCErekin hasitako bidearen jarraipena.

Aldaketa honek oztopoak ezartzea beste helbururik ez du, eta bikaintasunaren aitzakiaz eskatuko diren emaitzek ikasleen multzo handi bat baztertuko dute. Ikasleek ikasketetan jarraitzeko emaitza akademikoek daukaten eraginaz jarduten dute, emaitza horiek egindako ahaleginaren erakusgarri direla diote, baina... Zein da kontua? Ikasteko beka behar duten pertsonen bikaintasuna al da aintzat hartu behar den bakarra? Nolabait, halako planteamenduekin, elitismoa ari da hezkuntzan ezartzen. Dirua daukanak ordainduko du, eta ez du zertan horren «bikain» izan beharrik, Alderdi Popularrak ezarritako estatusa, diruak ematen dion hori, izan baduelako. Eta ez daukanak, horrek bai, erakutsi egin beharko du...

Baina hau ez da bikaintasuna, hau ez da ahalegina sustatzea. Aitzitik, diskriminatzea da. Gauzak bere izenez deitu behar dira. Planteamenduak ez du inondik inora berdintasuna bermatzen, eta ez du inolaz ere oztopo sozioekonomikoak gainditzeko bidea urratzen, ez bada oztopo horiek areagotzen dituela. Aukera berdintasun gisa saltzen digutena iruzurra da. Dirurik ez duenak zergatik erakutsi behar du bere emaitzak hobeak direla? Ez da zilegi bekak errendimendu akademikoa sustatzeko tresna edo pizgarri izatea. Aitzitik, bekek oztopo sozioekonomikoak gainditzea bermatzeko tresna izan behar dute. Hain zuzen ere, dekretuaren hastapenean esaten den bezalaxe.

Baina hau ez da arau honek ezartzen duen diskriminazio bakarra. Berria ez den arren, arau honek nazionalitate espainiarra ez duten pertsonekiko diskriminazioan sakontzen du. Behar den aldioro ekarriko dugu gogora afera hau Epaitegi Konstituzionalaren epaiaren zain dagoela, orain dela hiru urte baino gehiago Nafarroako Parlamentuak Atzerritartasun Legeari ezarritako helegitea dela eta. Epaitegi Konstituzionalak 236/2007 epaian aitortzen du Konstituzioaren 27. artikuluak bermatzen duen hezkuntza eskubidea pertsona orori dagokiola, nazionalitatea, egoera legala edo adina dena delakoa izanda ere. Epaitegi Konstituzionalak berak ez die eskubide hau adinez txikiak diren pertsonei soilik aitortzen, orori baizik, hezkuntzarako eskubidea giza duintasunarekin lotzen baitu, besteak beste.

Giza duintasuna, horixe da gure ustez, hain zuzen ere, benetako bikaintasuna. Eta berau eskubide unibertsalak bermatzean datza. Dekretu kolpez lapurtzen ari zaizkigun eskubide horiek. Nafarroan, hori garbi zegoen orain gutxira arte. Zer gertatuko ote da orain? Nafarroako Gobernuak zerbait egingo ote du herritarron aurkako enegarren eraso honi aurre egiteko? Eskubide berdintasuna benetan bermatuko ote du? Pertsona guztien hezkuntzarako sarbidea ahalbidetuko du? Madrilgo Gobernuak ezartzen dituen trabak gainditzeko neurriak hartuko ote ditu? Finean, Nafarroan bekak ala «wertkak» izango ditugu?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo