GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Mañariarrek gaur hasiko dituzte jaiak, inoiz baino parte-hartze handiagoarekin

Mikel PASTOR | MAÑARIA

Galduta zeuden zenbait tradizio berreskuratuz, ekintza herrikoi eta parte-hartzaileak martxan jarriz eta giro bikaina herrira eramanez gaur hasiko dira Mañariako andramariak, «Pitxitxi»-ren igoera, txupinazo eta kanpai hotsaren laguntzaz.

Aipatu bezala, bere garaian jaietan beren lekua izaten zuten tradizioak berriro martxan jartzea erabaki du Jai Batzordeak. Esate baterako, Pitxitxi trapuzko panpina erretzea. «Pitxitxi» akerra edo ahuntza da, hori baita Durangaldean mañariarrei ematen dieten ezizena, eta herriko umeek prestatzen dute jaiak hasi baino egun batzuk lehenago.

Horrekin batera, jaien hasiera iragartzeko kanpai hotsa berreskuratu dute mañariarrek. Aspaldi, elizako dorrera igo, eta bertatik bakarrik jo daitekeen kanpaiari eragiten zioten. Orain, herriko kuadrilla arduratuko da jairako dei hori Durangalde osora zabaltzeaz.
Txupinazoa bota eta gero, herri afaria egingo dute plazan. Jai Batzordeko Eneritz Areitiok GARAri argitu bezala, aurten kopuruak gora egin du, eta guztira 245 pertsona biltzea espero dute. Izugarrizko marka Mañaria bezalako herri txiki batean.

Egitarau zabala antolatu dute, eta ostiralekoa, bereziki nabarmentzekoa. Azken egunean kuadrillak batu eta janaria prestatuko dute, zehazki, paella. Gauean, Arkada Social, Vendetta eta Hesian taldeek joko dute, eta «Pitxitxi» erreta amaituko dira jaiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo