GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | DONOSTIAKO ASTE NAGUSIA

Piratek ez, euskal hiriburuetako gazteek «abordatu» zuten Donostia

p044_f01.jpg

p044_f02.jpg

p044_f03.jpg

p044_f04.jpg

Aimar ETXEBERRIA | DONOSTIA

Txosnaguneetan hain ohikoa izaten den musika isilarazi eta kantuan jarri zuten atzokoan La Flamenka gunea Kantujira ekimenean parte hartu zuten dozenaka lagunek. Moko kofradiaren ekimenez, euskal abestiak izan zituzten ahotan Donostiako Aste Nagusia alaitzeko asmoz. 12.00etan eman zioten hasiera ekimenari, Piraten gunean. Hasieran lagun gutxi batzuk baziren ere, taldea egiten joan ziren pixkanaka-pixkanaka, momentu batzuetan ehundik gora biltzeraino.

Guztien artean gidari bat, abestiak aukeratu eta jendea korroan jartzeaz arduratzen zena. Borobiltxoa osatu ahala, abesteari ekiten zioten, paperak eskuetan hartuta kantuen letra ahaztu ez zedin. Goraipatzekoa abeslarien maila; nabari zen, bai, hilero egiten duten jardun bat errepikatzen ari zirela.

Hala da. Hileko hirugarren larunbatetan irteten da talde bat Donostiako Parte Zaharrera euskal abestiak kantatzera. Hauek izan ziren taldea gidatzearen arduradunak, euren eskarmentuak zerbaitetarako balio zuela erakutsiz. 2003. urtetik egiten duten zerbait da, «Egunkaria» ixtearekin batera hasi baitziren kantuan, hiriko kaleetan euskararen presentzia ugaritu asmoz. Abesti tradizional eta aldarrikatzaileak ahotan, giro ederra jarri zuten Parte Zaharreko txokoetan. Ibilbidean zehar trikitia izan zuten lagun, gune batetik bestera mugitzeko orduan isiltasuna nagusitu ez zedin. Aurrez erabakitako ibilbide bati jarraiki, Parte Zaharreko txoko enblematikoenak igaro zituzten.

Nabaria zen egiten zutenaz gozatzen ari zirela, eta dirudienez, Kantujira amaitzeko batere gogorik ez zuten parte-hartzaileek. 15.00ak aldera abesten jarraitzen zuten oraindik, La Flamenka gunean, berriro ere bertako musika isilarazi eta «Txikia» edo «Euskal Herrian Euskaraz» gisako piezak kantatzen jarraitzen zuten.

Baina ez zen Kantujira izan atzorako Moko kofradiak antolatu zuen ekimen bakarra. Taldean bazkaldu ostean, La Flamenkara gerturatu ziren berriro ere, euskal dantza herrikoiekin dantzaldia eginez.

«Atzerritarren» abordatzea

Bestelako abordatze bat bizi izan zen atzokoan Donostian, Piraten gunea bera izan baitzen «abordatua». Bertan bildu ziren Baiona, Bilbo, Iruñea eta Donostiako gazteak. Gasteizko gazteen presentzia espero bazen ere, azken orduan egin zuten huts hauek. Kalejira ekimena izan zen hainbat euskal hiriburutako gazteek bat egiteko aitzakia. Baionako Gazte Asanblada, Kaskagorri konpartsa, 3indarrok gazte peña eta Eskifaia kofradia izan ziren jardunaldiko protagonistak. Ondo pasatzeko eta jaiaz gozatzeko parada izan bazuten ere, bestelako helburu bat zela medio batu ziren guztiak. Kalejira ekimenaren bitartez, hiri bakoitzeko gazteek festen testuinguruan praktikan jartzen dituzten antolaketa ereduak ezagutu eta jai herrikoien inguruko hausnarketa «sakona» aktibatu nahi dute.

Hitzordua 16.00etan jarria bazuten ere, ordubete inguru atzeratu zen donostiarrek gainontzekoei egin beharreko ongietorria. Iruindarrak izan ziren La Flamenkara garaiz iritsi ziren «atzerritar» bakarrak. Indarrez heldu ziren eta kantuan egin zuten euren agerpena. Jarraian, baionarrak iritsi ziren horien atzetik. Zenbakiz gutxiago ziren, eta ederki antzeman zen egoera hori. Bilbotarrak, azkenak, autobusarekin arazoak izan zituztela-eta, errepidean geldirik eman baitzuten denborale puska bat. Donostiarren artean bazen guztiaren gainetik igartzen zen zerbait, bezperako parrandaren ajea.

Hirien arteko jolasak izan ziren Kalejira ekimenaren funtsa. Hauekin hasi aurretik, ordea, familiako argazkia atera zuten, barruan zeramaten lehiarako gogoa ezkutatu eta adeitasunez jokatuz. Harrera baliatu zuten donostiarrek erronka botatzeko. Gainontzeko taldeei harrapatutako elementuak -blusa bat, bikingoen kasko bat, baionarren festako zapi bat...- erakutsi eta berreskuratzeko jolasetan irabaztera desafiatu baitzituzten.

Azkenean, ordea, lehiak alde batera utzi, eta ondo pasatzea beste helbururik ez zuten hartu. Portua izan zen jolasetarako hautatu zuten gunea, abordatzearen antzera ur-jolasak eginez bertan. Behin horiek amaituta, Parte Zaharrera jo zuten gazteek, Elektrokeitan elektro-txarangaren doinuen atzetik. Gauerako, aldiz, musika eskaintza zabala: Gose, Kasernarat, Gatibu eta DJak festaz gozatzeko.

Abordatze Txikiari begira, segurtasuna bermatzeko neurri guztiak hartu dituzte

Hiriko txikienek ondo pasatze aldera landu duten jaietarako programa ez da makala. Pirata Bihurrien kofradia arduratu da lan horretaz, eta Eskifaia kofradiaren ondoren, Aste Nagusiari begira egitarau zabalena antolatu dutenak dira hauek. Atzo arratsaldean, esaterako, musika tresnak egiten irakatsi zieten pirata txikienei, eta ze gune hobe horretarako, Piratena den La Flamenka baino.

Helduek egiten duten gisan, txikienek ere euren abordatze propioa izango dute. Bihar izango da hori eta, aurreko urtean ez bezala, kaian egingo dute. Egun osoko egitaraua antolatu dute abordatzea girotzeko, nahi adina gaiztakeria egiteko aukera emanez pirata bihurriei. Euren egunari ekiteko, pirataz mozorrotzeko tailerra izango dute. Horren ostean, erraldoi eta buruhandiak izango dira La Flamenkan eta entzierroa ere egingo dute, Ikatz kaletik Piraten guneraino. Goizeko ekintzen ostean, indarrak hartzeko bazkaria egingo dute, eta era berean, Abordatze Txikirako prestaketei ekingo diete. 17.30ean izango da hau eta parte hartzeko aurrez izena ematea eskatu dute antolakuntzako kideek. Horretarako, piratabihurri@gmail.com helbidera idatzi beharko da eta haurren izen-abizenak, adina eta guraso edo arduradun baten izena eman beharko da.

Umeen adinaren araberako txandak antolatuko dituzte, segurtasuna bermatze aldera. Hauek, helduek ez bezala, ez dute baltsarik muntatu beharko, antolakuntzak jarriko baitizkie guztiei. Uretara sartu behar dutenerako ohar bat igorri dute; heldu batek bakarrik parte hartu ahal izango du baltsa bakoitzeko.

Gainerako segurtasun neurriei dagokienez, bai uretan eta bai arrapalan, dinamizatzaile eta antolakuntzako jendea egongo dela bermatuko dute, umeei segurtasun materiala banatuz. Eta amaitzen denerako beste ohar garrantzitsu bat; toalla eta aldatzeko arropa lehorra eramateko deia egin dute antolakuntzako kideek. A.E.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo