udate | ipar ekhian
Burdina funditzen
Aitzinetik ukan zituzten amodio harremanetarik urrundu nahirik, edo haietarik ikasitakoa baliatzeko desiraz, elkarbizitzeko planoaren gainean plangintza bat marraztu zuten. Bat ez zihoalako bestearekin bizitzera, ez eta bestea batekin ere, elkarrekin bizitzera zihoazen, ez dena gauza bera. Kontua ez baita batengana eramatea burdina, ez eta bestearengandik urruntzea ere, elkarrekin, hura funditzea baino ez da. Eduki teorikoak adostu ondotik, praktikoei heldu zioten, ez sofa berria erostea eta halakoak, horiek, etxearen arabera eskuratuko baitzituzten, baina bai norberak etxean baliatuko zituen gauzatxo pertsonalak bilduta.
Eta hor hasi ziren etxearen xerka. Ez batak eta ez besteak ez zuten segurutzat eman zitekeen lanposturik, ez eta ongi ordaindua zegoenik ere, baina bien artean zerbait egin ahal zutela uste zuten maila horretan. Uztaila, inguruko lagunek ezagutzen zituzten alokairuzko etxeak bisitatuz eman zuten, baina hezetasuna bateko, eta etxearen kokapena besteko, haietako bakar bat ez zitzaien egokia iruditu. Bestalde, uda ez da sasoirik egokiena etxeak alokatzen hasteko, bertakoentzat baino kanpotik oporretara datozenentzat zuzentzen baita merkatua garai horretan. Honela, aukeran, inmobiliariek markatzen duten pausoan urratsak ibiltzea besterik ez zitzaien gelditu. Eta haien eskuetan jarri baino, haien atzaparretan jausi zirela ohartu zuten atzokoan. Jasotzen zuten soldataren ordainagiriak erakutsi beharra, aitzinetik ipini beharko zen fidantza, eta alokairuen prezio zoroa, izutzeko moduko baldintzak, denak. Eta elkarrekin etxean baino, elkarrekin, etxearentzat biziko zirela ulertu zuten orduan.