GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Harri-jasotzea | Igeldo Harria Txapelketa

Aimar Irigoienek hasieratik utzi zuen auzia erabakita

Izeta II.a geratu zen bigarren postuan. Errezildarrak lortutakoak baino bi jasoaldi gutxiago egin zituen.

p032_f01_148x112.jpg

Jon LEUNDA

Aimar Irigoienek irabazi zuen herenegun ilunabarrean Donostiako Trinitate plazan jokatu zen Igeldo Harria Txapelketa. Harri hau berezia da, trakets horietakoa. Arrautzaren itxura duen 134 kilokoa da. Kirolari bakoitzak bost minutuko txanda bat izan zuen lanerako.

Dena dela, antolatzaileek kontu gehiago izan beharko lukete izena eman duten kirolarien zerrenda zabaltzerakoan, ziren guztiak ez baitituzte eman ezagutzera, eta tartean Aimar Irigoien falta zen. Garrantzitsua da jendearentzat eta ikusleentzat diren guztien izenak jakitea aldez aurretik.

Behin errezildarra bertan izanda, bera bihurtu zen faborito, eta ez zuen hutsik egin. Gainera, lanean hastea lehenengo egokitu zitzaion, eta 18 aldiz berdindu zuen harria bizkarraren gainean. Inork ezin izan zuen haren marka hobetu, eta berarentzat izan zen garaipena.

Izeta II.a zen beste faboritoetako bat. Aiarrak ere lan bikaina egin zuen, baina Irigoienek baino bi jasoaldi gutxiago lortu zituen, eta bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen.

Emoziorik handiena hirugarren posturako izan zen, Ostolatza eta Ugartemendia berdinduta geratu baitziren, bakoitzak hamahiru aldiz berdindu baitzuen harria bizkarraren gainena. Honelakoetan bi kirolariak pisatu egiten dira, eta bietan gutxien pisatzen duena geratzen da aurretik. Gauzak horrela, Ostolatza arinagoa zenez, beretzat izan zen hirugarren postua.

Telleria II.ak lortu zuen bosgarren postua. Urnietakoak ere lan bikaina egin zuen. Kirolari arina da, eta hala ere 11 aldiz berdindu zuen harria, eta oso marka ona egin zuen, ikaragarrizko maila duela agerian utziz.

Jendeak Izeta I.a ikusteko gogoa ere bazuen. Urte asko eman ditu lehiaketetatik eta plazetatik kanpo, eta herenegun iluntzean agertu zen berriro ere jendearen aurrean. Lan txukuna egin zuen aiarrak, zazpi aldiz jaso baitzuen harria.

Aipagarria izan zen baita ere zaleek emandako erantzuna, berriro ere jendetza batu baitzen saioa ikusteko asmoarekin, jendeak gustuko duela erakutsiz. Hala ere, lehen aipatu bezala, antolatzaileek zuzentzeko kontu garrantzitsu batzuk badituzte, jendeak eskertuko baitie.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo