GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora

Iker Vicentek gainerakoak baino koska bat edo bi gorago dagoela erakutsi zuen

p032_f02_97x96.jpg

J.L.

Ez zen inongo ezusterik egon, eta Iker Vicentek irabazi zuen herenegun arratsaldean Euskal Herriko Gazte Mailako txapela. Otsagabikoak 16 urte besterik ez ditu, eta duen etorkizuna, berriz, ikaragarria da. Ez da ahaztu behar, aurten jadanik Nafarroako Hirugarren Mailako txapela ere irabazi duela, bera baino askoz zaharragoak diren aizkolariak mendean hartuta.

Jendeak ere erantzun oso ona eman zuen, ia bete egin baitziren Ezkurrako pilotalekuko harmailak. Aizkolari baloitzak lau 45 ontzako eta bi kana-erdiko ebaki behar izan zituen. Hasiera batean bost aizkolari ziren izatekoak, baina Etxeberria II.a gaixorik zegoen, eta ezin izan zuen lanean jardun.

Finalak berak ez zuen kontatzeko gehiegi izan. Vicente gainerakoak baino koska bat edo bi gorago dago, eta ez zuen aurkaririk izan. Lehen enborretik hartu zuen aurre, eta hortik aurrera nahi bezala eraman zuen finala. Inork ez zuen estutu, eta amaieran oso garaipen erosoa lortu zuen aizkolari nafarrak.

Emoziorik handiena bigarren posturako egon zen, baina azkenean Larreak ihes egin zion Kañamares IV.ari, eta amaieran minutu bateko tartea egon zen. Jauregi, berriz, lehen aldiz aritu zen, eta oraindik ikasteko asko duela ikusi zen. Hala ere, jendeak eskertu zion egin zuen ahalegina, denbora askoan bakarrik aritu behar izan baitzuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo