GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

itsasoa

PRO Junior txapelketak: Natxo Gonzalez irabazle Lacanaun

Lacanaun egin den azken Pro Junior txapelketa Natxo Gonzalezek irabazi du. Nesketan, Leticia Canales, rankingeko hirugarren postuan.

p034_f01_148x140.jpg

p034_f03_199x104.jpg

Haritz Larrañaga Altuna

Pasa den abuztuaren 12an amaitu zen Lacanaun (Frantzia) Europako Pro Junior txapelketa. Metro bateko olatuetan, Natxo Gonzalez bizkaitarrak eskuratu zuen txapela mutilen kasuan, eta Johanne Defay frantsesak neskenean.

20 urte arteko kategoria da Junior kategoria. Mundu osoan egiten dituzten kategoria honetako hogei txapelketetatik Europan bost baino ez dira egiten, eta hauek, Europako itzuli modukoa osatuko lukete. Lacanaukoa laugarren txapelketa izan da; beraz, honen ostean irailaren 19an Galizian egingo den txapelketa baino ez da geratzen.

Finalean, Natxo Gonzalez eta Vasco Ribeiro portugaldarra izan ziren buruz buru lehian. Natxok olatu bikaina hartu zuen finala hasi orduko, eta 7,17 puntu bildu zituen. Hasieratik gauzak zail jarri zizkion, beraz, bere aurkariari.

Honela kontatzen zuen bizkaitarrak finalean izandako esperientzia: «Sekulakoa izan da. Txanda hasieran zazpikoa lortu dut eta horren ostean itsasoa zeharo baretu da, eta horrela jarraitu nahi zuen».

Natxo belaunean izandako lesio batetik sendatu berri zen, eta txapelketa hau lesio osteko proba modukoa izan zen berarentzat; bere hitzak entzunda, badirudi ez zuela halako emaitzarik espero: «Ezin dut sinetsi, irabazi egin dut. Belaunean lesio bat izan nuen, gogor lan egin dut osatzeko, eta txundituta nago lehen postu honekin».

Natxo olatu handietako surflari bikaina ere bada. Berak irabazi zuen Galeako puntan aurten egin zuten olatu handietako txapelketa, eta 17 urterekin, mota honetako txapelketa bat irabazten zuen lehiakide gazteena bilakatu zen.

Kazetari batek olatu handietako surfa eta lehiaketa bateragarriak ote diren galdetuta, honakoa erantzun zuen: «Olatu handietan surf egitea maite dut baita txapelketetan lehiatzea ere, eta biak uztartu daitezkeela uste dut. Gainera, maila desberdinetan bada ere, biek hobetzen laguntzen didatelakoan nago».

Finalean aurkari izan zuen Vasco Ribeiro portugaldarra ere pozik zen eta Natxorentzat zorion hitzak ere izan zituen, honela zioen: «Oso ongi sentitzen naiz. Finala gogorra izan da. Natxok hartu ditu olatu on guztiak, baina oso ongi sentitzen naiz, asko pozten naiz beragatik, zeren lagun ona dut».

Finalerdietan kaleratuak izan ziren, eta ondorioz finalean egon ezin izan zuten bi lehiakideak, brasildar bat eta australiar bat izan ziren, Lucas Silveira eta Soli Bailey.

Lacanauko txapelketaren ostean Europako Junior rankingean bi anaia aurkitzen dira lehen postuetan. Diego eta Nomme Mignot frantsesek betetzen dituzte rankingeko lehen eta bigarren postuak. Hirugarren eta laugarren postuan ere bi frantses, Tom Cloarec eta Andu Criere. Beraz, frantsesak nagusi Europako Junior kategorian.

Vasco Riveiro surflari portugaldarra, txapelketa honetan bigarren postua eskuratu duen lehiakidea alegia, bosgarren postuan dago, eta Natxo Gonzalez berriz, hamargarrenean, ez baitu txapelketa guztietan parte hartu.

Nesken kasuan, Johanne Defay 19 urteko lehiakideak eskuratu zuen txapela. Aurten maila honetan irabazten duen hirugarren txapelketa da, eta ondorioz rankingean lehen postuan aurkitzen da.

Honela mintzo zen finala amaitu ostean:« Oso pozik nago. Finala zaila izan da, izan ere haizeak zakar jotzen zuen eta uhinak hautsiak zetozen, baina denok ontzi berean gaude eta zailtasunak berberak dira guztiontzat. Nik banekien haize honekin ezker olatuek eskuinekoek baino joko gehiago emango zutela eta horrekin jokatu dut».

Bigarren postua Reunion uharteetako surflaria den Canelle Bulardek eskuratu zuen. Honela mintzo zen surflaria uretatik atera ostean: «Txandaren hasieran puntuazio altuko bi olatu hartu ditut eta lehen postuan nindoan, baina denbora ez da behar bezain azkar pasatu. Urautsira bidean nindoan Johanne ezker olatu bikain bat egiten ikusi dudanean eta banekien olatu hark puntu asko emango zizkiola».

Bulard rankingeko bigarren postuan da egun; izan ere, lehiaketa bakarra irabazi du, besteetan bigarren postuan geratu izan da Defayren atzetik. Beti bigarren postuan geratze horrekin aspertzen hasia dela aitortu zuen: «Beti bigarren izatearekin nekatzen hasia naiz. Beste txapelketa bat irabazteko irrikatzen nago, beraz hurrengo lehiaketan ikusiko dugu elkar».

Canelle Bularden atzetik, ranking orokorrean, eta hirugarren postuan, euskaldun bat aurkitzen da, Leticia Canales Bilbao. Bizkaitarra denboraldi ederra egiten ari da aurtengoan ere, izan ere, emaitza onak bildu ditu orain artean.

Nesken Junior kategoriako ranking europarrean euskaldun gehiago ere bada lehen postuetan. Hala nola, Ainara Aimat zarauztarra zazpigarren postuan da egun, Ariane Ochoa hamaikagarrenean, eta Loiola Canales Bilbao hamalaugarrenean.

natxo gonzalez

«Olatu handiak maite ditut, eta txapelketetan lehiatzea ere bai, eta biak uztartu daitezkeela uste dut. Gainera, maila desberdinetan bada ere, biek hobetzen laguntzen didatelakoan nago».

JOHANNE DEFAY «Haizea zakar eta uhinak hautsiak zetozen, baina denok ontzi berean gaude. Nik banekien haize honekin ezker olatuek eskuinekoek baino joko gehiago zutela eta horrekin jokatu dut».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo